Elena Ariznabarreta: “Ospitaleetan oinarrizko materiala falta da: oheak, hozkailuak…”

Anboto 2016ko ira. 22a, 11:40

Elena Ariznabarreta Senegalgo eskola batean.

Elena Ariznabarretak Senegalen eman ditu abuztuko 20 egun. La Otra Miradak han aurrera eramandako proiektu bat ikuskatu eta hemendik hara eramandako materiala banatu du eskoletan. 

Zer helburugaz joan zinen Senegalera?
Hasieran, Senegal iparraldeko herrixka batean egon nintzen. Eskola batera ura eramateko kanalizazioa egin dugu, eta hori ikustera joan nintzen.  Hemen egindako kanpainan batutako eskola-materiala ere eraman nuen. Gero, Senegal hegoaldeko herri batera joan nintzen. Hango lau eskolen artean ere hemendik hara eramandako materiala banatu genuen.

Zer beharrizan gehiago dituzten jakitera ere joan zinen.
Bai, esaterako, artoa irintzeko errota bat nahiko lukete. Erregaiekin funtzionatzen duen horietako bat, han inguruan ur gutxi baitago. Orain eskuz egiten dute irina eta oso gogorra da.

Han inguruko ospitaleak bisitatu dituzu. Zer aurkitu duzu?
Baten batek pentsatu dezake, ospitalean egongela berri bat edo antzerako gauzak eskatuko zituztela, beharbada. Ez da horrela. Hemengoek eta hangoek ez dute zerikusirik. Oinarrizko materiala falta zaie; oheak eta koltxoiak falta zaizkie, esaterako. Beste batek txertoak gordetzeko hozkailu bat behar zutela esan zidan. Kontuak atera hortik!

Zelako esperientzia izan da? Zelan hango bizilagunekin?
Oso ondo. Hango zonaldeko agintari batek eta bertako bizilagunek egundoko harrera egin ziguten eskoletara materiala banatzera joan ginenean. Herri horretan ume guztiak eskolara joan daitezen lan egiten duen elkarte bateko ordezkariekin ere batu nintzen. Batez ere, neskak eskolaratu daitezen gura dute. Izan ere, sarritan, familia batek eskola materiala erosteko diru nahikorik ez duenean, neskak izaten dira etxean geratzen direnak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!