Khea Ziater taldearena ezezik, beste antzerki obra baten estreinaldia ere hartuko du Zornotza Aretoak, hiruhileko honetan. Antzoki horretako konpainia egoiliarrak, Markeliñek, Euria izeneko obra estreinatuko du, azaroaren 25ean, Zornotza Aretoan. Iñaki Egiluz talde horretako kideak azpimarratu duenez, Markeliñek azken aldian egin ohi duen moduan, hitzik bakoa da sortu duten azken ikuskizun hori. Antzezlanaren berritasun nagusia, berriz, dantzaren presentzia da. Doluari buruzko antzezlana da Euria, ume eta helduei zuzendurikoa. Egiluzek azaldu du, "galerak sortzen dituen emozioen inguruan modu polit batean jardutea" izan dutela azken lan honetan erronka.
Kulturaren askotariko adierazpideak biltzen ditu Zornotza Aretoan gaur aurkeztu duten programazioak. Antzerkia ezezik, kontzertuak eta dantza ikuskizunak ere biltzen ditu urritik abendura arteko programazio horrek. Luisja Ugarte arduradunak azpimarratu duenez, "programazio orekatua" osatzea izan dute emanaldiok kontratatzerakoan helburua. Kulturgune horren webgunean eskuratu daiteke Zornotza Aretoak irailetik abendura arte eskainiko dituen emanaldien inguruko informazio guztia.
Zinezaleentzako eskaintza zabala
Aurreko ikasturteetan bezala, Kine Zineklubaren eskutik, hilabetero zine emanaldi tematikoak izango dira, Zornotzan. Ekimen horren antolatzaileetako batek, Maite Romerok, gaur azaldu duenez, irailean, urrian, azaroan eta abenduan, hiruna film eskainiko dituzte.
Andrés Espinosa Gogoratuz ekimenagaz bat eginda, mendia izango da iraileko zineklubaren gaia: Bilbo Mendi Film Festivalen aurkezturiko hiru pelikula emango dituzte irailaren 27an, eta Skimetraje jaialdiko lan bat eta Zornotzako Mendi Taldeak ekoitziko dokumental labur bat, irailaren 28an. Romerok aurreratu duenez, natura izango da urriko zineklubaren gaia, zinema sozialaren hiru ale eskainiko dituzte azaroan, eta musikari buruzko hiru dokumental izango dira ikusgai abenduan.
Zinezaleek, martitzenetan, zinemari buruzko tailerra ere aukeran dutela ere gogoratu dute gaurko agerraldian. Zinemaren inguruko gogoetak beste zinezale batzuekin partekatzeko aukera dira hitzordu horiek, eta parte hartzeko interesa daukaten guztiek eman dezakete izena kinezinekluba@gmail.com helbidera idatzita.