Gaurko udalbatzarrean aho batez onartu dute Zornotzako Udalaren eta Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarko udalen arteko hitzarmena. Ondorioz, Zornotzako Udalak kudeatuko du eskualdeko Udal Gaztedi Plana aurten. Adostasun horretara heldu dira Amankomunazgoak plan hori kudeatzeari utzi ostean: “Gazteria arloan dagoen langabezia tasarekin ezin dugu alferrik galdu arlo horretarako eskuratu daitekeen dirurik. Erronka gure gain hartzeko prest gaude”, adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak.
Zornotzako Udalak bere azpiegitura, baliabide eta pertsonala jarriko ditu aurrera eramateko. Zehazki, Ametx Erakundetik kudeatuko dute. Udalari ez dio gainkosturik eragingo Agirrebeitiak azaldu duenez. Gaur egun dituzten baliabideekin jardungo dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak gazteria arloko politikak garatzeko banatzen dituen diru-laguntzetan du sorburua plan horrek. 2012an eskualdeko hainbat udalen artean plana disenatu zuten eta Amankomunazgoari proposatu zioten kudeaketa. Proposamena onartuta, hiru urtez bere ardurapean izan du. Aurten, ordea, plan horren kudeatzaile ez izatea erabaki du Amankomunazgoak eta horren aurrean Zornotzako Udala ardura bere gain hartzeko prest agertu da.
Gaurko udalbatzarrean aho batez onartu dute hitzarmena EAJ, EHBildu, HiriEkimenak eta PSE-EEk. “Argi genuen egin beharreko ahalegina zela”, adierazi du EHBilduko Urko Lopezek. Horrekin batera horrelako ekimenei “indarra eta koherentzia” ematen dien enpresa sortegi edo hazitegi baten beharra errepikatu du. Plan hori “hasiera oso interesgarria izan daiteke enpresa hazitegi horri gorputza ematen hasteko”.
Gazte ekintzaileentzat diru-laguntzak
Plana garatzeko 107.000 euro dituzte. %70 Aldundiak jarriko du eta gainerakoa udalek; Zornotzari 6.687 euro dagozkio.
Horietatik 47.000 euro 18-29 urte arteko gazte ekintzaileei bideratuta egongo dira. Enpresa proiektu berri bat martxan jarri nahi duen pertsona bakoitzak 1.100 eurora arteko laguntza jaso dezake. Proiektu bakoitzeko hiru pertsonetara mugatu dute laguntza. Beraz, hiru pertsonen artekoa baldin bada, 3.300 eurora arte jaso daiteke. Gaur ordenantza aho batez onartuta, laguntzak azaroan zehar eskuragarri egotea da asmoa.
Gainerako 60.000 euroak Durangon (inguruko herriak hartuko ditu), Zornotzan eta Ermuan gazteriaren iritzi eta beharrizanak jasoko dituen plan bana egiteko erabiliko dituzte. Ikerketa hauek egiteko ardura gaian aditua den enpresa bati esleituko diote.