BetiGol taldea otsail inguruan sortu zuten Zornotzan. Harrezkero entrenatzen aritu izan dira eta aurten Emakumeen Ligan jokatuko dute lehenengoz. Atzo jokatu zuten estreinako partidua Elorrion. Joan zen asteburutik atzeratutako derbian Elorrioko Buskantza izan zuten kontrario. Pronostikoak beteta, Buskantzak ez zuen arazorik izan garaipena eskuratzeko. Talde bien artean gaur egun koska nabarmena dagoela erakutsi zuen derbiak.
BetiGol areto futbolagaz “gozatzeko” sortu duten taldea da Edurne Azpitarte taldeko presidentearen berbetan: “Irabazten badugu hobeto, baina gure helburu nagusia jokatzea eta areto futbolagaz gozatzea dira”. Izaera solidarioa da taldeko beste ezaugarrietako bat; taldeko bazkide egiteak balio duen 20 eurotatik 4 ASA (Accion Social Amorebieta) taldeari emateko konpromisoa hartua dute.