Jesus Angel Eguskiza: "Birgaitze gunea apala, baina praktikoa iruditzen zait"

Anboto 2016ko ira. 10a, 12:00

Birgaitze Gunea da Osasun Zentro berriko nobedaderik handiena. Orain arte, Galdakaoko ospitalera joan beharra zegoen zerbitzu hori jasotzeko. Jesus Angel Eguskiza zerbitzu berriaren onuradunetako bat da. Adeitasun handiz, bere istorioa kontatu digu, eta zerbitzu berriaren gaineko iritzia eman digu.

Galdakaoko birgaitze gunera sarritan joan izan zara?
Abuztuko lehenengo astean hasi nintzen Galdakaora joaten, astean hirutan. Laneko istripu batean meseta tibiala txikitu egin nuen. Hortik errekuperatzeko darabilt birgaitze gunea.

Alde handia igarri duzu, asteon, Galdakaora joan beharrean zerbitzua Zornotzan bertan jasota?
Bai, alde handia. Orain arte birritan erabili dut, eta Zornotzan bertan bizi banaiz ere, anbulantzian eramaten naute. Osasun Zentrora joateko oinez 20 minutuan ibiltzeko moduan ez nagoela esan, eta anbulantzia mantendu didate.

Zelako zerbitzua jaso duzu?
Artatzen nauen neska berria da niretzat, baina, aldi berean, ezaguna. Galdakaoko ospitaletik bistaz ezagutzen nuen. Azkenean, han dabiltzanak ez dira asko, eta Galdakaon zebilenetako bat etorri da hona.

Birgaitze guneko azpiegiturak egokiak iruditu zaizkizu?
Material dena berria da. Altzariak apalak, baina praktikoak dira. Luxuari barik, erabilgarritasunari begira eginda dago. Hasierako egunetan suertatzen diren arazotxoak ere ikusten dira. Niri bizikleta estatikoan aritzea egokitu zait gaur (eguaztena), eta arazoak ematen zituen. Baina, normala iruditzen zait, azpiegitura berria da eta gauzak apurka doituko dituzte.

Bestela, Osasun Zentroa bera zer iruditu zaizu?
Oso ondo dago. Harrera gunean jendea hartzeko leihatila gehiago ikusi ditut, esaterako. Iruditu zaidana da jendeak apurka ohitu egin beharko duela harrera guneko sistema berrira. Lehen ilara bat zegoen, eta horren arabera artatzen gintuzten. Orain zenbaki bat hartu beharra dago, eta batzuek ez dute oraindik sistema barneratu. Denbora kontua izango da. Galdakaon sistema berdina dago, eta ondo funtzionatzen du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!