Urtero 188.000 kontsulta inguru artatuko dituzte Zornotzako Osasun Zentroan

Anboto 2016ko ira. 5a, 12:38
Osakidetzako zuzendari Jon Etxebarria Osasun Zentroko langileak agurtzen.

Gaur ireki dituzte Zornotzako Osasun Zentroko zerbitzu guztiak. Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak azpiegiturak bisitatu ditu eta langileekin batzartu da: “Pertsonaei kalitatezko arreta bermatzea dugu helburu”.

Osasun Zentroaren gaineko hainbat datu ere jakinarazi dituzte. Guztira 46 profesional dabiltza lanean eta zerbitzu guztiak kontuan hartuta, urtero 188.000 kontsultatik gora artatzen dituzte: Familiako Medikuntzakoak 82.460 dira eta 81.964 erizaintzakoak.

Osasun Zentroan udalerriko 2.700 haur inguru artatzen dira, eta, urtero, Pediatriako 16.500 kontsulta, gutxi gorabehera, izaten dira. Pediatriako Eremuan, beheko solairuan, haur-kotxeetarako tokia daukan itxaron-gela dago azpiegitura berrian.

Emakumeari arreta egiteko eremu berritua ere badago. Urtero 3.000 kontsulta izan ohi dituen Ginekologia kontsultaz gainera, emaginen kontsulta bi —urtero 7.400 kontsulta pasa ohi dituztenak—, eta ama-hezkuntzarako gimnasioa ditu. Instalazio berrian azken belaunaldiko ekografoa daukate, baita kolkoskopioa eta miaketetarako aulki berriak ere.

Birgaitze Gunea eta Etengabeko Arreta Gunea

Berritasunetako bat Birgaitzerako Zerbitzua —Terapia Unitatea (gimnasioa) eta medikuaren kontsulta dituena— da. Horrela, bertako herritarrek ez dute Galdakaoraino joan beharrik izango. Urtero, 700 paziente inguru artatuko ditu.

Etengabeko Arreta Gunea, zornotzarrei ez ezik (19.400 biztanle) Arratia bailarako biztanleei (13.600) ere irekita dago. Beraz, 33.000 lagunek erabili dezakete. Urtero, batez beste 24.000 larrialdi artatzen dira. Astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 08:00etara dago zabalik, eta larunbat, igande eta jaiegunetan eguneko 24 orduetan.

Guztira 46 profesional

Guztira 46 profesional dabiltza lanean Osasun Zentroan: 11 familiako mediku; 3 pediatra; 11 erizain, 2 emagin; 1 erizain laguntzaile; administrazioko 5 profesional eta 1 zeladore, eta Etengabeko Arreta Gunean, berriz: 4 mediku; 4 erizain eta 4 zeladore.

Solairuz solairu

Eraikinak lau solairu ditu eta ia 4.000 metro karratu. Honela banatuta dago:

BEHEKO SOLAIRUA (808 metro karratu):

- Pazienteei Harrera eta Administrazioa

- Larrialdietako eremua/ Etengabeko Arreta Gunea: sendaketa-gela, odol ateratzea, proba funtzionalak eta medikuntzako eta erizaintzako kontsultak.

- Pediatriako eremua: Pediatriako 3 kontsulta, erizaintzako 2 kontsulta, edoskitze gunea, haurren aldalekua eta komuna. Itxaron-gela ere badago.

- Etengabeko Arreta Guneko langileentzako gune pribatuak.

LEHENENGO SOLAIRUA (839,15 metro):

- Emakumeari arreta eremua: ginekologia eta miaketa kontsulta, emaginaren 2 kontsulta eta ama-hezkuntzarako gimnasioa.

- Errehabilitazioko Eremua: gimnasioa eta Errehabilitazioko kontsulta.

- Lehen mailako arreta eremua: Familiako Medikuntzako 4 kontsulta, eta erizaintzako 4 kontsulta.

BIGARREN SOLAIRUA (822,32 metro):

- Lehen mailako arreta eremua: Familiako Medikuntzako 7 kontsulta, erizaintzako 8 kontsulta.

- Osasun zentroko langileentzako gunea.

- Komunak eta itxaron-gelak.

Sotoan, berriz, garajea eta barne erabilerarako instalazioak daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!