Ibon Carreto: “Zornotzatik nire irteera gertatu den modua nahiko gogorra izan da niretzat”

Anboto 2016ko ira. 11a, 10:00

Ibon Carretok sei urte eman ditu Zornotzan. Jokalari erreferentea izan da urte askoan, taldeko ikurra eta zaleen kutuna. Marka pertsonal harrigarriekin taldeari Zilarrezko Ligara igotzen lagundu zion lehenengo, eta maila horretan finkatzen ondoren. Aurten, Zornotzatik Bilboko Escolapios taldera batu da. Minduta nabari da, Zornotzako zuzendaritzaren partetik ez duelako inolako deirik jaso. Irteeragatik baino, irteteko moduagatik dago minduta.

Zelan gertatu da zure irteera Zornotza saskibaloi taldetik?
Tira, inork ez dit taldean jarraitzea eskaini. Ez dira nigaz hartuemanetan ezertarako jarri, eta, beraz, ez dut eurekin berbarik egin.

Edozelan ere, taldea uztea edo saskibaloia beste era batera hartzea erabakita zeneukan?
Beste talde batzuen eskaintzak jaso ditut, baina nire ideia apur bat finkatzea zen, eta saskibaloiaz hemen inguruan (Bilbon) gozatzea. Bizitza normal batera bideratzea, labur esanda.

Zornotzan eta Zilarrezko Ligan gaitza zen normaltasun hori lortzea? Denbora asko eskatzen zuen beharbada?
Denbora gehiegi eskatzen zidan. Asteburu librerik ez duzu, ordu asko han eta hemen… Horretara ohituta nago, egia esanda, baina urte asko dira horrela, eta etapa berria hastea behar nuen.

Buruan ideia hori zeneukan arren, zuzendaritzaren aldetik deirik jaso ez izanagatik minduta sentitzen zara?
Ba, taldean eman ditudan sei urteetan klubaren alde egindako denaren ostean, gutxienez esker oneko edo antzerako dei bat ondo egongo zen, bai.

Irteera baino, irteteko modua da mindu zaituena.
Hau guztia zelan garatu den, eta nire irteera gertatu den modua nahiko gogorra izan da niretzat, bai.

Zornotzako zure etapa bitan banatu daiteke. Maila handiko lehen lau urteak eta hainbesteko protagonismorik gabeko azken biak, hein batean lesio baten ondorioz.
Azken urteko aurredenboraldian, Euskal Kopako partidu batean hatzeko hezur-haustura izan nuen, eta hile eta erdi geldirik egon nintzen. Errekuperatu ostean, pubiseko osteopatia agertu zitzaidan, oraindino pairatzen nabilena.

Lesio mota horiek gaiztoak izaten dira, ezta? Erabat errekuperatzeko gaitzak.
Bai, denbora batean nire burua behartzen eta behartzen aritu nintzen, eta heldu zen une bat hankarik ere ezin nuena jaso. Ondoren, probak egin, pubiseko osteopatia zela jakin, eta errekuperatzeari ekin nion. Orain neure kontura darrait errekuperazioagaz.

Lehenengo urteetan une gogoangarriak ere bizi izan dituzu.
Egia esanda, bai. Hau guztia amaitu den moduan amaituta ere oroitzapen onekin, gozatu dudan denagaz, ikasi eta irakatsi dudanagaz, zaleen partetik jasotako berotasunagaz… horregaz guztiagaz geratzen naiz.

Mailarik oneneko urteetan maila handiagoko taldeetara joateko eskaintzarik izan zenuen?
Bai, hainbat eskaintza izan nituen, Urrezko Ligatik esaterako. Diru askogatik Frantziara joateko aukera ere izan nuen. Azkenean, Zornotzan geratzea erabaki nuen, kluba maite nuelako eta gustura nengoelako.

Zornotza S.T.-ko lagun talde bat Herri Kantxa 18 deitzen da. Zenbakia zure kamisetarena da. Urteetan jokalari erreferentea izan zara zaleentzat. Zelan eraman duzu hori?
Zaleen berotasun hori sumatu izan dut, bai, eta indarra zein konfiantza eman dizkit. Baina, aldi berean, erantzukizun handia ere bada, norbera egon ezik taldeak sufritu egiten duela eta antzerako sentipenak izatea. Beharbada, azkenengo urteetan gutxiago igartzen zen hutsunea, apurka gero eta talde konpletoagoa osatu zelako, baina hasieran… oso pozik nago urte hauetan egiteko aukera izan dudanaz, baina erantzukizun handia sentitzen nuen.

Sare sozialetan idatzitako agur gutunean eskerrak eman zenizkion zalegoari urteetan emandako berotasunagatik.
Zer gutxiago eurei esker ona adieraztea baino! Azkenean, ni eurentzat izan naizena, eta eurak niretzat izan direna… alde bietarako hartuemana izan da. Nik idatzitako mezu horren ostean jasotako erantzunek negar malkoren bat ere eragin didate.

EBAtik Zilarrezko Ligarako igoera, maila horretan ligako saskiratzaile nagusia izan zinen denboraldia, 61eko balorazioa izan zenuen partidu hura… Zein lorpenekin geratzen zara?
Denekin geratzen naiz. EBA mailako partidu batean 61eko balorazioa lortu nuenean Marca egunkarian irten nintzen. Igoera lortzea ere ederra izan zen, jakina, eta beste hainbeste Zilarrezko Ligan saskiratzaile nagusia izatea. Orduan, Espainiako B selekzioaren partidu baterako deialdian sartu nintzen.

Urte horietan lortu zenuen maila ikusita, gero zer gertatu zen taldean protagonismoa galtzeko? Lesioen ondorioa bakarrik izan zen?
Azken denboraldian azpijoko moduko bat sentitu nuen klubaren partetik. Ez dakit azpijana egin gura zidaten ala zer. Ez nuen oso ondo ulertzen. Azkenean, konfiantza hori kentzen badizute, errendimenduan ere eragiten du.

Estatu mailako ligatik Bizkaia mailako batera igaro zara. Ia erretiroa ematen du.
Etxetik gertu dago, taldekide ia denak ezagutzen ditut eta lagunekin eta saskibaloiaz beste modu batera gozatzeko modua izango da. Eskakizuna ez da berdina izango, eta beste filosofia bategaz biziko dut aurrerantzean saskibaloia.

Tabirako-Baquén hasi zinen saskibaloian. Sarritan gertatzen da, kanpoan hainbat urte eman, eta azken urteetan sorlekura itzultzea.
Egin zidaten Tabirakora itzultzeko eskaintza, baina entrenamenduetarako etengabeko joan-etorrietatik irten gura nuen. Orain, metroa hartuta, etxetik minutu bira ditut entrenamenduak. Edozelan ere, oraindik urte batzuk geratzen zaizkit saskibaloian, eta ez dut baztertzen Tabirako klubera  itzultzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!