Bigarren B Mailako multzo konplikatua egokitu zaiela uste du, baina “ahal duguna egingo dugu talde lehiakorra eta anbiziotsua izateko”. Bidea egin ahala markatuko dituzte helburuak: “Egokitu zaigun multzoa kontuan hartuta, aurreko denboraldietan lez mailari eusteko 45 puntuak batzea da helburua. Hortik aurrera ikusiko dugu nora heldu gaitezkeen”. Baina ez dio ezeri aterik ixten: “Zuhurrak izan behar dugu helburuak jartzerakoan, baina zuhurtzia horretatik abiatuta anbiziotsuak ere bai”.
Denboraldiari aurre egiteko “luxuzko” talde teknikoak babestuta sentitzen da: Gontzal Suances bigarren entrenatzaileak, Dani Aranzubia atezainen entrenatzaileak, Xabi Sanchez laguntzaile teknikoak eta Igor Goikoetxea prestatzaile fisikoak osatzen dute Larrazabalen lan taldea.
Klubak hainbat jokalari berri ekarri ditu taldea indartzeko eta Larrazabalek ez dio aterik ixten posturen bat indartzeko aukerari, baina aztoratu gabe: “Ez dugu presarik eta ezin gara zoratu. Ikusiko dugu merkatuak zer eskaintzen duen eta klubeko aurrekontuak zer dioen”.
Oraingoz, zazpi jokalari fitxatu dituzte, beste bat utzita dator eta gazteen taldeko hiruri aukera emango diete. Atea Seran Borja Angoitiak (Deustotik) eta Jon Villanuevak (Marbellatik) gordeko dute; Atzeko lerroa Eriz Goiria zornotzarragaz (Gernikatik) eta Iñaki Oiaortuagaz (Zaragozatik) indartu dute; Zelai erdirako Adrien Goñi (Rodatik) eta Aitor Castro (Leioatik) batu dituzte. Erasoko jokorako Koldo Obieta ekarri dute Zamudiotik, eta Iñigo Baqué durangarra utzita dator Athleticetik. Lehen taldera igo diren harrobiko jokalariak honako hauek dira: Oier Luengo defentsa, Unai Ferreras zelai erdikoa eta Ibrahima Dieng aurrelaria.
Iaztik jarraitzen duten jokalariekin eta etorri diren berriekin “taldea egitea” izango da Larrazabalen lehenengo zeregina: “Giro ona funtsezkoa da. Entrenatzera pozik etorri daitezela gura dut. Hori da gerora emaitzak lortzeko oinarria”.
Jokamoldeari dagokionez, joko zuzena baino gehiago gustatzen zaio konbinaziokoa, baina batzuetan unean-uneko beharrizanetara moldatu beharra dagoela onartu du: “Denetarako prestatuta egon behar dugu”.
Larrazabalek Gatikan eman zituen lehen urratsak entrenatzaile moduan. Ondoren, urte bitan Lemoa zuzendu zuen Bigarren B Mailan. 2011n Athleticera batu zen harrobiagaz lan egiteko. Iaz Marbellan aritu zen. Zornotza bere entrenatzaile ibilbideko laugarren taldea izango da.