Nesken Gomazko Paleta MPB Zirkuituari dagokion jardunaldia jokatuko dute gaur, 18:00etan, Zornotzan pilotalekuan. Itsaso Praderak Ruiz de Azuagaz osatuko du bikotea eta Arrizabalaga eta Etxaniz izango dituzte kontrario. Partidu honen ondoren gizonezkoen Zornotzako pala txapelketako finala jokatuko dute.
Datorren astelehenean beste partidu bat egongo da ikusgai. Martin-I.Agirre eta Arrizabalaga-Huizi bikoteak neurtuko dira. Partidu horren ostean Zornotzako eskolarteko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte benjamin, kimu eta haur mailetan.
Zirkuitu sendoagoa aurten
Iaz hasi zen Nesken Gomazko Paleta MPB Zirkuitua antolatzeko ekimena. Bertan palan ari ziren neskarik onenetarikoek hartu zuten parte. Aurten bigarren edizioa izango da eta pausu bat aurrera egin dute, neska kopuru handiagoa baitabil lehian. Horren zuzeneko ondorioak mailaren hobetzea eta konbinaketa gehiago zein egutegi zabalagoa ahalbidetzea dira.