Bozeramaileen batzordea: "Talde politiko denen ekimenak izapidetzen direla da errealitatea"

Anboto 2016ko uzt. 21a, 13:22

Zornotzako bozeramaile batzordea osatzen duten alderdi denek batzarra egin dira gaur goizean. Orain egun bi HiriEkimenak egindako kritikaren aurrean hainbat erabaki hartu dituzte. Aho batez onartu dituzte EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, eta, HiriEkimenak berak.

Sei puntu adostu dituzte:

Alkatetzak, zuzendutako mozioak eta PSE-EErenak baino onartzen ez dituela baieztatuz, HiriEkimenak egin duen adierazpena ikusita: "Errealitatea da talde politiko guztien ekimenak izapidetzen direla, eta halaxe erakusten dutela Osoko Bilkuren gai zerrendek eta aktek".

Animalienganako tratu txarren kontrako mozioa aintzat hartu ez dela baieztatuz, Hiri Ekimenak egin duen adierazpena ikusita: "Errealitatea da jasangarritasunaren eta zerbitzuen batzordera eraman dela, eta Osoko Bilkura osatzen duten talde politiko guztiek aztertua izan dela bertan. Araudian ezarrita dagoen bezala, dagokion batzordera eramaten dira gaiak aztertuak izan eta diktamena egin dakien, taldeen arteko adostasunetara iristen ahaleginduz. Adostasuna lortu ezik –eta hala denean ere bai-, taldeak mozioa aurkeztu nahi badu, Osoko Bilkurara eramaten da, hainbatetan gertatu den legez. Bozeramaileen azken Batzan gai zerrendara bilduta zegoen puntu hori eta EHBilduren eskariz, aho batez erabaki zen osoko bilkuran artean ez jorratzea animalienganako tratu txarren gaia eta batzordean lan egitea dagokion ordenantza aztertzen eta aldatzen".

Klima-aldaketaren gaineko mozioa aintzat hartu ez dela baieztatuz, Hiri Ekimenak egin duen adierazpena ikusita: "Errealitatea da mozio hau batzordean hainbat aldiz jorratu eta eztabaidatu izanagatik ere, ez dela proposamen ofizialik egin, ez Bozeramaleen Batzarrean, ez Osoko Bilkuran lantzeko". 

Hiritarren kontsulten gaineko mozioa aintzat hartu ez dela baieztatuz, Hiri Ekimenak egin duen adierazpena ikusita:"Errealitatea da Hiri Ekimenaren bozeraimaleak, aholkulari juridiko batekin batera,  batzarra izan zuela Zornotzako idazkariarekin (udaleko funtzionarioen arteko goreneko agintaria), eta kontsultak arautzeko Funtzionamenduaren Arautegi Organikoa aldatu beharra zegoela adierazi ziola hark. EHBildu izan da Funtzionamenduaren Arautegi Organikoaren berrikuspenean aurrera egitea proposatu duen talde bakarra eta hil honetan jaso dela Udaleko idazkariaren jakinarazpena eskari hori dela eta".

Minbiziaren inguruko datuen eskaera dela-eta: "Minbiziaren eragina dela eta (gaurko Bozeramaleen Batzan aurkeztutako txostena), Osoko Bilkurak baieztatu nahi du Alkatetzak dagozkion kontsultak egin dizkiola Osakidetzari eta Euskadiko Minbiziaren erregistroan eskuragarri dauden datuen arabera, ez dela inolako aztarnarik minbiziak Amorebieta-Etxanon duen eragina, era globalean hartuta, Bizkaiko batez bestekoa baino altuagoa dela baieztatzeko".

Azkenik, "alderdi politiko guztiek izenpetzen dute hiritarrentzako informazioaren transmisioarekiko konpromiso etikoa".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!