Negozio berria martxan jartzen duten ekintzaileak diruz lagunduko dituzte Zornotzan

Anboto 2016ko uzt. 15a, 17:08

Gaurko zornotzako udalbatzarreko irudia

Enplegua sustatzeko diru-laguntzetako nobedadea da. Negozio bat abiatzen duten langabetuek 4.000 eurora arteko diru-laguntzak jaso ditzakete.

2016. urtean enplegua sustatzea helburu duten diru-laguntzak jasotzeko oinarriak aho batez onartu dituzte gaur goizeko udalbatzarrean. 50.000 euroko diru-atala bideratu dute helburu horretara.

Aurten laguntza-lerro berri bat ireki dute langabezian dauden eta negozio edo enpresa berriak sortzen dituzten ekintzaileentzat. Negozio berriek gehienez 4.000 euroko diru-laguntza jasoko dute. Diru hori gizarte segurantzako gastuetarako erabili daiteke edo eta burutuko dituzten jarduerako material teknikoa eskuratzeko.

Enpresa eta erakundeentzako diru-laguntzak

Lantokia Zornotzan duten eta herriko langabetuak kontratatzen dituzten enpresa edo erakundeek ere diru-laguntzak jaso ditzakete baldintza batzuk betez gero. Esaterako, langabetuak kontratatzen dituztenek zein aldi baterako kontratuak behin betiko bihurtzen dituztenek 4.000 eurora arteko laguntza jaso dezakete.

Lanaldia gutxienez %50era handitzen dutenei ere laguntzak emango dizkiete. Lanaldia handituz gero, Gizarte Segurantzaren kuota zenbatean handitu den aztertuko dute eta hori izango da diruz lagunduko dutena, gehienez ere 4.000 eurora arte.

Langabetuak kontratatzen badira eta, hauek kontratatuak direnean, Sarrerak Bermatzeko Legeak araututako laguntzak jasotzen badituzte, gehienez ere 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Ekintzaileek zein kontratatzen direnek Zornotzan erroldatua egon behar dute azken 5 urteetan etenik gabe edo azken 15 urteetan jarraian ez bada ere.

Diru-laguntzetarako eskabideak udal erregistroan egin daitezke astelehenetik barikura, 08:30etik 14:30era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!