Alberto Garcia: "Zornotza zahar eta berriaren arteko kontrastea islatu gura nuen"

Anboto 2016ko uzt. 16a, 23:00

Alberto Garciak jaso du joan zen domekan Zornotzan burutu zuten kaleko pintura lehiaketaren herriko saria. ‘Zintzilik’ margo lehiaketaren lehenengo saria ere eman diote, gainera.

Orain ikusita, zer deritzozu domekan burutu zenuen lanari?
Koadroaren perspektiba dut, batez ere, gustuko. Baina kontziente naiz lehiaketara aurkeztu diren margolari batzuek nik baino askoz maila altuagoa dutela: txundituta nago ehundurak zelan lantzen dituzten ikusita.

Zergatik aukeratu zenuen Zornotzako txoko hori zure koadroan jasotzeko?
Kale berean herriko eraikuntza zaharrak eta oraindik inauguratu barik dagoen anbulatorio berria dauzkagu. Zornotza zaharraren eta berriaren arteko kontraste hori islatu gura izan nuen nire koadroan.
Gozatu zenuen eguna, ala tentsioz bizi izan zenuen?
Eguraldia ere lagun izan genuen, eta gozatu nuen, bai. 09:00etan euskarria zigilatu eta 16:30ean entregatu arte lana hobetzen saiatu nintzen.

Hainbat aldiz aurkeztu zara Zornotzako lehiaketa honetara.
Bai. Zazpi urte daramatzat Zornotzan bizitzen, eta bost aldiz parte hartu dut Enrike Renteria lehiaketan. Urterik urte nire buruari erronkak ipintzen joan naiz: gero eta koadro handiagoak egiten, adibidez.

Hainbat aldiz saritu dute zure lana lehiaketetan.
Horrela da, bai. 2014an herriko saria lortu nuen Enrike Renteria kaleko pintura lehiaketan, eta bigarrena Zintzilik margo lehiaketan; eta iaz bi lehiaketetan eman zidaten herriko saria. Pozik gaude, aurten ilobak ere 14 urtetik beherakoen saria jaso duelako. Zazpi urtegaz hasi zen margotzen, eta elkarregaz parte hartu izan dugu azken urteotan.

‘Zintzilik’ lehiaketaren lehenengo saria ere eman dizute.
Bai, udan herriko balkoietan erakusten diren margolanen lehiaketa da Zintzilik, eta Oporrak Zornotzan nire lana aukeratu du epaimahaiak. Apirilean eman genuen parte hartzeko izena, eta gai librea du lehiaketak.

Aire libreko lehiaketan baino patxada gehiagoz jarduten zarete ‘Zintzilik’-erako, beraz.
Bai, kuadroa ez dago zertan egun batean amaitu. Pausatuagoa da lehiaketa horretarako sorkuntza prozesua. Kasu honetan, hainbat asteburuko lana da.

Zure bizitzan zer leku izan du eta dauka margogintzak?
Beti gustatu izan zait pintatzea, baina afizio moduan bizi izan dut beti. Delineazioa eta ingeniaritza industriala ikasi nuen, eta ia 20 urte daramatzat ordenagailu bidez makinak diseinatzen. Lantokian egunero egiten dudana ez da marrazketa artistikoa, baina egunero dihardut margogintzagaz zerikusia duten hainbat jardunetan: objektuen bistak marrazten, esaterako.

Zelan joan zara margogintzako teknikak ikasten?
Neure kabuz, beti. Probak eta hutsak eginez. Behin, hemen, Zelaieta zentroan, espatula bidezko margogintzaren inguruko ikastaro bat egin nuen, baina bakarra izan dela uste dut.

Asko margotzen duzu?
Urtean behin gutxienez, koadro bat egin eta herriko aire zabaleko margo lehiaketan parte hartzera atera beharra dago (barrez). Azken aldian, bestalde, erretratuak margotzeko enkarguak ere jaso ditut. Asko miresten dut Antonio Lopez, eta nire erretratuak ahalik eta errealisten egiten saiatzen naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!