Txapelketa uztailaren 15etik 24ra jokatuko dute Zornotzako Padeland (Euba eta Zornotza artean) azpiegituretan. 18 urtetik gorako gizonen eta emakumeen txapelketa bana daude. Izen-ematea (30 euro bikoteko) uztailaren 11n, datorren astelehenean, amaituko da eta Padeltzaren webgunearen bidez egin daiteke: www.padeltza.biz.
Izen-emateekin aterako diru zati bat —antolaketa gastuak ordaindu ondoren sobratzen dena— Neuroblastona gaixotasuna dutenen lagun eta senitartekoen elkarteari emango diote. Horrez gainera, donazioak egiteko aukera ere badago Padeltzaren webgunean.
Heriotza tasa altua duen gaixotasuna
Padeltzako presidente David Alvarezek gertutik ezagutu du neuroblastoma gaixotasuna lagun batzuen semeak izan duelako: “Gaixotasun arraroa da. Bizi-funtzioen ardura duen nerbio sistema zentraletik irtetean da eta ezkutatuta egoten da. Proba espezifikoak egin behar dira umeak gaixotasun hori duen edo ez jakiteko. Heriotza-tasa altua duen minbizia da”.
Neuroblastona gaixotasuna dutenen lagun eta senitartekoen elkarteak laguntza psikologikoa eta asesoramendua ematen die gaixotasun hori pairatzea egokitu zaienei.
Irailean edo urrian izaera solidario berdina duen beste txapelketa bat antolatzeko asmoa dute.