Kamiseta faltan ez zara geratuko behintzat.
Berdea, gorria eta zuria ditut. Alaba biek saskibaloian jokatzen dute, kamiseta berde eta gorriak dituzte — lehen eta bigarren ekipazioa— eta biak erosi ditut. Zilarrezko LEB ligakoek zuri bat ere bazuten, eta hura erregalatuta lortu nuen.
Klubak ateratako eskumuturreko berdea eraman duzu?
Bai, baina egunez ez dut erabiltzen. ‘Ametsak berdeak direlako’ esaldia inskribaturik du, eta itsasoan edo igerilekuan uretan sartuta ezabatu egingo delakoan nago. Gauetan jartzen dut.
Kamiseta berdea ez duzu oharkabean eraman jantzita.
Ez. Iaz Benidormen gizon bat begira-begira geratu zitzaidan. Niregana hurreratu eta ‘Mikel Garitaonandia —entrenatzailea— ezagutzen duzu?’ galdetu zidan. Haren laguna zela eta ea beragaz argazki bat aterako nuen eskatu zidan. Nik baietz. Nor zen galdetu nion. Kuko Cruza zen, Lucentum Alacante taldeko orduko entrenatzailea.
Aurrekontuak onartuta eta datorren denboraldiko proiektua martxan dela, oporrak gehiago gozatzen dira? Lasaigarria izan da?
Nik erdi argi nuen urteko kontuak onartuko zirena. Azken batean, Joxe Etxebarriak —presidentea— zein zuzendaritzako kideek beren bizitzako ordu asko ematen dituzte hor lanean. Horiei argi berdea eman behar zaiela uste dut. Batzarrean inork ez zuen ezezkorik esan. Zuzendaritzan daudenak oinak lurrean dituzten lagunak dira, ez dira duten baino gehiago gastatuko dutenak, eta horrek konfiantza ematen dit. Badakite zer dagoen, eta horregaz lan egiten dute.
500 bazkide dituen klubeko urteko batzarrean 20 bat lagun batzeak harritu egin zintuen?
Ez ninduen harritu. Ni futbol mundutik nator. Futbolaria, futbol entrenatzailea eta Amorebietako bazkide izana naiz. Amorebietak bazkide gehiago ditu, eta batzar orokorretan antzerako jendea batzen zen. Jendeak ez ditu horrelako ardurak gura. Gainera, Zornotzan gertatzen den moduan, taldea esku honetan dagoela dakizunean ez zaitu hainbeste kezkatzen. Batzarrik ez eginda ere ondo funtzionatuko lukeela uste dut.
Zornotzaren iazko denboraldia hala-nolakoa izan zen. Datorrenari begira zer esperantza duzu?
Ba, ezin esan. Zalantzan gaude denok, ze presidenteak ez du oraingoz pistarik eman. Entzun dudanaren arabera, datorren urteko filosofia hauxe da: gutxienez jokalarien %70 bizkaitarrak izatea. Jakina, jokalari bizkaitarren merkatua mugatua da maila batetik gora. Zilarrezko LEB ligatik gora lau bat ibiliko dira. Gero, taldea osatzeko fitxaketetan asmatzeak garrantzi handia du. ‘Garitak’ eta bere laguntzaileek horretarako bista ona dutela uste dut, baina iaz ez zen guztiz asmatu fitxaketetan. Beste faktore bat zortea izango da. Gure mailan beti dago goitik nabarmentzen den talde bat, baina beste talde askoren artean ia ez dago alderik. Orain urte bi laugarren amaitu genuen, eta iaz postu hori edo hobea lortzeko aukera bagenuela uste genuen, baina okerrago aritu ginen.
Saskibaloia betidanik gustatu zaizu?
Kirolzalea naiz, saskibaloia barne, baina sekula ez dut jokatu. Orain 12 urte alaba nagusia saskibaloian hasi zenean, orduan murgildu nintzen buru-belarri.
Partidu asko ikusten dituzu?
Ane eta Pauleren [alabak] zein Zilarrezko LEB ligako partidu denak ikusten ditut. Eta eurek ez jokatuta ere, zapatu arratsalde edo domeka goiz batean zereginik ez badut, saskibaloia ikustera joaten naiz Ixer-eko kiroldegira; Batzuetan kiroldegian 09:00etan sartu, 13:00etan irten, eta arratsaldean buelta. Gurago dut saskibaloia ikusi beste edozein kirol baino.
Asteburuak ondo beteta dituzu orduan.
Bai. Esaterako, oraintsu alaba gazteak kopako finala jokatu zuen Portugaleten, 16:00etan; 18:30ean, berriz, Durangoko Jesuitetan entrenamendua zuen Bizkaiko selekzioaren lehen aukeraketan dagoelako. Bost minuturen faltan, Kopako garaipena ondo bideratuta zegoela ikustean, arineketan irten ginen Durangorantz. Holantxik ibili naiz urte osoan.
Gizonetan Durangaldeko erreferentea da Zornotza, baina emakumeetan Durangoko Tabirako pauso bat aurretik doa.
Bai. Oraingoz ez gaude Gernika, Durango eta Loiola-Indautxugaz lehiatzeko moduan. Nik Durangoko Jesuitetan ikasi dut. Orduan, saskibaloiak futbolak baino indar handiagoa zuen. Gure aurretik dagoen kultura bat du Durangok arlo horretan. Zornotzak aurrerakada handia eman du azken bost urteetan, baina Durangok abantaila historiko handia daramakigu.
Facebook-eko ‘Zornotza ST Taldearen Lagunak’ orrialdea zeuk sortu zenuen eta jarraitzaile asko ditu.
Neure ingurukoekin albisteak elkarbanatzeko hasi nuen taldea, eta apurka jendea lagun egiteko eskaerak egiten hasi zitzaidan. 2.000 jarraitzailera heltzean ideia bat otu zitzaidan: Zornotzako biztanle kopurua baino jarraitzaile gehiago izatea. Orduan taldea ahalik eta gehien zabaltzen laguntzeko eskatu nien ezagunei. Gaur egun, 19.106 lagun ditugu taldean, eta Zornotzan 18.100 bat lagun bizi dira. Herritik kanpokoak gehiago izango dira, jakina. Baina begira: asteon Tomas Serrano zoriondu dut taldearen bidez, bere urteguna zelako. Borondatezko lan itzela egiten du klubaren alde; hamaika lan, musutruk. Facebook taldeak jendeak horrelako gauzak jakin ditzan balio badu, horixe da inportanteena. Horri ematen diot balioa kopuruari baino gehiago.