'Crusoe' klasikoa gaurkotu eta kale antzezlan bihurtu du Zornotzako Markeliñe taldeak

Anboto 2016ko eka. 29a, 12:00

Andante aurreko lanari bezala, Markeliñeren Crusoe berriari ere zuzeneko musikak ematen dio kutsu berezia. Roberto Castro musikariak hainbat instrumentu jotzen ditu Zornotzako antzerki taldearen ikuskizun berrian: “Bizitasuna eta bapatekotasuna ematen dizkio”, Jon Kepa Zumalde zuzendariaren berbetan. Musika ezezik, soinu efektuak ere egiten ditu Castrok zuzenean: itsasoarena, animaliena, Crusoeren pentsamenduena... Fernando Barado aktorea da Markeliñeren Crusoe antzezten duena. “Lan bikaina egiten du”, dio zuzendariak: “Fisikoki zein emozionalki energia handia eskatzen du lan honek”.

Klasikoa gaurkotu
Berritasuna bilatzeko betiko joeragaz, “Crusoe berezi bat sortzea” izan du Markeliñek helburu. Bizirauteko desioa da Daniel Dafoek XVIII. mendean idatzi zuen istorioan Robinson Crusoe naufragoa irla huts batean iraunarazten duen indarra. Biziraupenaren kontakizunari gaur egungo munduko hainbat errealitate txertatu dizkio Markeliñek: “Turismoak eragiten dituen kalteak, itsasoaren kutsadura, etorkinei egiten diegun harrera...”. Zumalderen berbetan, bestalde, badago istorioaren eta egungo gizartearen arteko antzekotasunik: “Bakoitza bere zilborrari begira, uharte batean bezala bizi garela, esaterako”.

Bere lan guztiekin egiten duen bezala, antzezlana ikusi ostean emanaldian plazaratutako gaien inguruan gogoeta egitera gonbidatu gura ditu Markeliñek heldu eta umeak. “Guk istorio bat kontatzen dugu, eta aukera zabaltzen dugu gurasoek euren haurrekin gai horien guztien inguruan berba egin dezaten: horixe bultzatu gura genuke”.

Hainbat objektu manipulatzen dituzte sortzaileek Crusoe antzezteko: bi metroko titere bat baliatzen dute, esaterako. “Markeliñeren plastika eta poesia” sortzen dute, Zumaldek azaldu duenez, bitarteko horiei esker. Emozionalki kitzikagarriak diren eszenak sortzen dituzte, ikusleari zirrara eragiten diotenak. Plastikoki oso obra ikusgarria denez, gainera, “oso ume txikiek ere gozatzen dute”. “Nerabeak harritzea lortzen du, eta istorioaren atzea ere ikusten dutenez, helduak ere ukitzen ditu”.

Leioako Umore Azokan egin zuten Crusoe-ren aurrestreinaldia, eta Donostian eta Tolosan estreinaldia. “Oso gustura” daude, Jon Kepa Zumaldek dioenez, emanaldi horietan publikoak egindako harreragaz, eta gogotsu aste honetan, ekainaren30 Berrizen eta uztailaren 1an Durangon aritzeko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!