Uztailaren 15etik 27ra Karmen jaiak ospatuko dituzte Zornotzan eta gaur jai batzordetik landutako egitaraua aurkeztu dute. Aurten Udabarri Dantza Taldea izango da pregoilaria. Taldeak sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen dihardu. 1966an euskal folklorea, kultura eta tradizioak sustatu eta bizirik iraunarazteko xedez bildu ziren orduko pertsona haien eta ondorengo jarraitzaileen lana gogora ekarri gura dute: “Euskal tradizioa eta folklorea sustatzen lan handia egiten dute. Mendi irteerak eta euskal jaiak antolatu izan dituzte, besteak beste. Azken urteetan nazioarteko hainbat musika eta dantza talde euren ekimenez etorri dira Zornotzara. Hori dena eskertzeko eta goraipatzeko modua da”, azaldu du Andoni Agiberrebeitia alkateak.
Mozorro egunak 60ko hamarkada gogoratuko du
Uztailaren 27ko Mozorro Eguna nobedadeekin dator aurten santanatxu egunean: “Partaidetza handitzeko egunari bueltatxo bat ematen saiatu gara”, arrazoitu du Mitxel Etxebarria kirol eta kultura arloko zinegotziak. Koadrilekin adostutako aldaketa dela adierazi dute. 60ko hamarkadara bidaiatzeko gonbita luzatuko dute; hamarkada hori izango da mozorrotzeko gaia eta ekitaldi denak horren bueltan antolatu dituzte.
Aurten ez dute karrozen desfilerik egingo; ikusleen aldetik ikusmin handia eragiten duen arren, parte hartzeak behera egin duela azaldu dute. Talent Show-ak ordezkatuko du desfilea. Norbanako edo lagun taldeek 60ko hamarkadari lotutako ikuskizunak erakutsiko dituzte eszenatokian. Adin tarte bi izango dira: 16 urtetik gorakoentzat 700 eta 500 eurotako sari bana gorde dute; 16 urtetik beherakoentzat, berriz, herriko dendetan gastatzeko baleak.
Gaueko musika kontzertuak Elvis gogoratuko du. Musikari estatubatuarraren abestiekin osatutako kontzertua eskainiko du Augie Burr & Elvis Tribute Band taldeak.
Danborradari “bultzada berria”
Danborradari “bultzada berri bat” emateko saiakera egin dute aurten Etxebarriaren esanetan: “Seriotasuna ematen saiatu gara antolakuntzan zein entseguetan”. 250 bat herritarrek parte hartuko dute danborradan, musikari, kantinera, sukaldari, zaldun eta antortxeroen artean. Aurtengo tanborradak zuzendaria berria du: Joe Gonzalez zornotzarra. Aurten arte kargu horretan egon den Iban Ibarretxek egindako lana gogoratu gura izan dute: “Lan bikaina egin du eta asko eskertzen diogu”, goraipatu du Agirrebeitiak.
Danborradaren eguna ere nobedadea da: uztailaren 24an egingo dute Santiago bezperan. Ahalik herritar gehien erakartzeko hartu dute erabaki hori.
Musika eta antzerkia
Urtero lez, musika kontzertuak dira jaietako indarguneetako bat. “Eskaintza zabala da eta puntako taldeak datoz”, David Murillo Ametx Gazteria saileko koordinatzailearen ustez. Ken Zazpi (uztailak 15, txupinazo eguna), Laboa Jazz (uztailak 17), Kiko Veneno (uztailak 22, koadrilen eguna) Las Tea Party (uztailak 23) eta Delorean (uztailak 24) dira Zornotzara etorriko diren taldeetako batzuk.
Antzerki eskaintzari dagokionez, Markeliñe konpainia zornotzarrak ‘Crusoe’ kale antzerki berria eskainiko du uztailaren 19an.
Jaiak errespetuan ospatzeko deia
Jaiak berdintasunarekiko eta aniztasunarekiko errespetuan ospatzeko deia egin du Murillok: “Jarrera matxista, xenofobo edo homofoboei ezetz esateko eskatzen diegu herritarrei”. Horrelako jarrerak 112 zenbakian salatzeko eskatu du: “Sarritan eroso moduan ikusten ez diren hainbat egoeratan ezetz esatea ere garrantzitsua da; txiste matxistak, jendearen janzkeragatik barre egitea…”.
Jarrera diskriminatzaileak gaitzetsi eta errespetua aldarrikatzeko ekintza baten berri eman dute. Aurten txosnetako edalontziek aipatuta jarrera gaitzesgarriak salatzeko mezuak izango dituzte eta tabernetan ere ildo horretako ahozapiak banatuko dira.