Jaietako danborrada berrindartzeko asmoz, hainbat berrikuntza egingo dituzte Zornotzan

Anboto 2016ko mai. 12a, 12:17

Hainbat hamarkadatan Zornotzako jaietako ekintzarik herrikoienetariko bat izan dena berreskuratzeko hainbat neurri hartuko dituztela iragarri dute, asteon, Danborradaren batzordekoek.

Azaldu dute, jende faltan egon direla azken urteetan, “krisialdi sasoi bat” igaro dutela, eta “birfundazio bat” abaiatu dutela. Besteak beste, parte hartu gura duten 16 urtetik gorako zornotzar guztiek izena eman beharko dutela zehazten duen araudi berri bat ipiniko dute, martxan. Ekainaren 8ra arte, Zelaieta zentroan zein udalaren webgunean eman beharko dute izena uztailaren 24ko ekitaldietan danbor-jole, fusilari, zaldun, sukaldari zein kantinera bezala parte hartu gura duten guztiek. Luisja Ugarte kultura teknikariak azpimarratu duenez, “danborradako betiko parte hartzaileak izan direnek ere bai, denek eman beharko dute izena”.

Zuzendari berriagaz ariko dira, gainera, aurtendik aurrera, Zornotzako danborrada: Joe Gonzalez herriko musikaria jardungo da entseguak eta emanaldia gidatzen. Gonzalezek azpimarratu duenez, arlo musikalean hainbat berrikuntza egingo dituzte, aurten: errepertorioan aldaketa batzuk egingo dituzte, eta “orain arte bezala, ondo pasatzeko ezezik, herrikideei ikuskizun polit bat eskaintzeko” helburuagaz egingo dute, entseguetan lan. Uztailaren 24an danborradagaz kalejiran atera ahal izateko, derrigorra izango da Gonzalezek zuzenduko dituen lau-bost entseguetara hutsik ez egitea. “Ohore handia da danborradako zuzendari izatea”, esan du Gonzalezek, eta gogoratu umetatik parte hartu izan duela danbor-jole zein musikari legez.

76tik, urteroko zita  
Duela 60 urte baino gehiago, herriko gazte kuadrila bat Donostiako danborradara joan eta txundituta bueltatu zirenen ekin zioten Zornotzan eredu hartan oinarrituriko danborrada antolatzeari. 70eko hamarkadara arte, urteroko maiztasunik barik egin zuten, baina 76ko diktadura osteko lehenego jai herrikoietatik, urtero urtero egin dute. Urte askoan, “jaietako ekintzarik herrikoi eta jatorrenetariko bat” izan zela gogoratu dute danborradako beteranoek.

Ametx erakundearen bultzadagaz, batzorde berria eratu dute danborrada berrindartzeko asmoz, eta hainbat kide historikok parte hartu dute batzarretan: ia lau hamarkadatan jo duten hainbat kidek, kasurako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!