Zornotza girotuko du, asteburuan, banden eta kale musikaren Haizetara lehiaketak

Anboto 2016ko eka. 23a, 08:54

Azken urteetan bezala bederatzi taldek barik, hamarrek parte hartuko dute, aurten, Haizetara banden eta kale musikaren lehiaketan. Guztira 80 izango dira lehiaketan parte hartzen arituko diren hainbat herrialdetako musikariak. Antolatzaileek azaldu dutenez, mundu osoko 36 bandek aurkeztu dute lehiaketan parte hartzeko eskaria, eta estilo aniztasuna bilatuz aukeratu dituzte hamar partaideak.

Gaur iluntzean hasita, asteburu guztian zehar girotuko ditu lehiaketa horren XI. edizioak Zornotzako kaleak. Izan ere, azken urteetan bezala, musika lehiaketaren osagarri, besteak beste, lau gune gastronomiko atonduko baitituzte. Sagardotegia, garagardotegia, euskal taberna eta txosna zabalduko dituzte. Asteburuan Zornotzako kale eta plazetan jotzen ibiliko dira lehiaketan parte hartzen duten bandak, eta, lau gune horiek ere girotuko dituzte.

Gaur, bihar eta etzi Zornotzan eskaintzen dituzten emanaldiak kontuan hartuta, epaimahaiak hamar taldeetatik onena irizten dion taldeak 10.000 euroko lehenengo saria jasoko du, eta 1.000 eurokoa instrumentista onenak. Hirugarren sari bat ere banatzen dute, bestalde, Haizetara lehiaketan: herritarren bozkaren arabera erabakitzen den publikoaren 4.000 euroko saria.

Hamar talde aukeratuak
Euskal Herriko talde bakarra arituko da, aurten, Haizetara lehiaketan parte hartzen: The Farra Marching Band gasteiztarrak, hain zuzen ere. Bost musikarik osatzen dute The Farra Marching Band , eta jazz, dixieland eta funk doinuak eskainiko dituzte, besteak beste.

Nazioarteko lehiaketa da Haizetara, eta gasteiztarrekin lehian, munduko txoko desberdinetatik etorritako beste bederatzi talde lehiatuko dira: hainbat jatorritako musikariek Bartzelonan sortutako Los Boozan Dukes talde eklektikoa; Builders Brass Colective madrildarrak; cumbia, reggaea eta swinga nahasten dituen Alemanian sortutako El Flecha Negra talde multikulturala; Band Of Streets hungariarrak; The Busquitos Holandako jazz laukotea; Energia handiko folka egiten duen eta jatorri desberdinetako musikariek osaturiko Balcony Players; Camillocromo Swing Orchestra Italiako boskotea; Mexiko hiriko Brass Street Boys; eta Portugalgo Farra Fanfarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!