Ana Rosa Erdoiza: "Dena eman dit musikak, eta ez naiz inoiz aspertu edo nekatu"

Anboto 2016ko eka. 1a, 09:00
Ana Rosa Erdoiza, Zubiaur musika eskolako irakaslea

Lagun mina duen Jose Javier Lacalle ‘Laka’k egindako koadroa eta lore-sorta jaso zituen Ana Rosa Erdoizak Zornotzako Udalak egindako omenaldian. Pianoa eta akordeoia jotzen ditu. Hala ere, erretiroa hartzeko den honetan dioenez, “gaur egun txeloa izango litzateke nire instrumentua”.

Nola joan zen omenaldia?
Sopresa handia izan zen, denak zeuden ados jarrita: musika eskolako maisuak, udaletxekoak, familia.... Ikasle baten kontzertua entzutera joan nintzen, eta alkateak nire izena esaterakoan, hitzik egin ezinik geratu nintzen. Oso hunkigarria izan zen. Ikasleek lore-sorta ematerakoan, negar egiteko aprobetxatu nuen; ezin eskerrak eman ere. Ez nuen kontzertua entzun.

Oso pozik, orduan?
Bai, oso pozik! Gehien gustatu zaidana egin dut bizi guztian, eta ogibide izan dut, gainera. Zortea baino gehiago da hori!

Zenbat urte musika irakasten?
18 urtegaz hasi nintzen. Bizi osoa. Nire eskolan lehenengo, eta gero, Zubiaur musika eskolan. Oso pozik ibili naiz.

Willems metodoa erabili duzu musika irakasteko, ezta?
Metodo asko daude, baina, nire iritzian, Edgar Willemsek  Jacques Chapuisegaz sortutakoa da onena. Barrenetik sentitu behar da musika, gero sortzeko. Horixe lantzen dugu. Zortzi urtera arte musika barneratzen ikasi behar da eta gero, musika idatzi eta irakurtzen.

Edonork ikasi dezake musika?
Bai! Oker fisikorik ezean, edonor hezi daiteke horretan. ‘Ez dut belarri ona, ezin dut abestu’ dioten hori gezurra da.

Zu zeu zenbat urtegaz hasi zinen musika ikasten?
Oso berandu, 14 urtegaz; 19 urtegaz amaitu nuen. Gerora, Chapuisegaz ere ikasi nuen, Bartzelonan. Sentitu nuen zerbait gehiago esan gura nuela. Escuderogaz armonia ikastera ere joan naiz Donostiara.

Klaseak eman eta hartu egin dituzu aldi berean.
Ikasi egin behar da, ezin da duzunagaz lokartu. Behar direnak baino baliabide gehiago eduki behar dira. Beti izan naiz ipurterrea, eta orain ere bai. Ingelesa ikasten hasi naiz orain.

Erretiroa hartuta, badakizu zelan bete denbora...
Lan piloa dut. Horrexegatik jubilatuko naiz. Iloba gazteenak azterketa du Leioan, eta hartuz gero, eskolak hartzera eramango dut, astean 3-4 egunez. Lehenengo, 2. biolina izan da EIOn (Euskadiko Ikasleen Orkestra). Oso pozik dago. Jarraitu gura du, eta lagundu egingo diot.

Zure geneak ditu?
Bai, ez dakit (barrez). Nagusia ere badabil pianoa eta trikia ikasten, baina ez du astirik. Gazteenari, berriz, eguerdiro laguntzen diot klaseak emanda.

Diziplina handia behar da?
Bai. Gauza asko utzi behar dira albora, eta umeak jolasa gura du. Klaseetan inplikazioa ere behar da, gurasoena barne, etxean lagunduta.

Txikitatik hasi behar da?
Hizkuntzak eta musika denek ikasi behar lituzkete, eta txiki-txikitatik. Musika oso garrantzitsua da. Batzuek berezkoa dute erritmoa. Baina, lateralitatea, psikomotrizitatea, mugimendua...ere lantzen dira.

Zenbat umeri eman diezu musika?
Ez dakit! Milakari!

Zer eman dizu musikak?
Bizitzeko poza. Besterik egiten ez dakit. Piloa gustatzen zait gainera. Hori bai, erakusteko, ez oholtzara igotzeko. Hori ez!  

Eta zuk musikari?
Dena. Eta inoiz ez naiz aspertu edo nekatu. Dena eman dit eta dena eman diot.

Musikak piztiak gozatzen ditu?
Ez dakit, ez dut frogarik egin. Umeak bai (barrez).  Zentzurik onenean, limurtu egin behar dira umeak. Geurera ekarri. Oso ondo ikasten dute, eta  ez dute edozer jotzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!