‘Amour’ obrak itxiko du Zornotza Aretoko uda aurreko eskaintza

Anboto 2016ko mai. 19a, 17:00

Zornotza Aretoko uda ostera arteko programazioa itxiko du Marie de Jongh taldearen biharko emanaldiak. Amour antzezlana eskainiko dute, 20:00etan, Zornotza Aretoan: FETEN antzerki jaialdian saritu duten obra, hain zuzen ere.

Zazpi urtetik aurrerako ikusleentzat sortutako antzezlana da Amour, testurik ez daukana. “Umeek eta nagusiek elkarregaz gozatzeko moduko” antzezlan bat sortzea izan da, hain zuzen ere, Marie de Jongh taldearen erronka. Amour, “umeentzako antzezlan heldua, helduei zuzenduriko ume antzezlana” dela diote egileek.

Durangaldeko artistak
Javier Renobales zornotzarrak dihardu  antzezlanean aktore lanetan. Beragaz batera, Ana Martinezek, Ana Meabek, Pablo Iberluzeak eta Anduriña Zurutuzak osatzen dute obra horretako aktore zerrenda. Gainera, besteak beste Durangaldeko Gorakada taldeagaz hainbat lan egin dituen Javier Tirado Markeliñeko kideak egindako maskarak daramatzate aktoreek soinean.

Mundua jolasaren bitartez ezagutzen doazen umeak, denboraren iragaiteaz ezer ez dakitenak eta 60 urte gehiago dauzkaten pertsonak dira Amour antzezlanaren protagonistak. Umeek ez bezala, zaharrek badakite zer dakarren denboraren joanak, baina antzezlanaren sinopsian esaten denez, “ez dakitena da maitasunak aukera berri bat eskaintzen duela beti”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!