Aurtengo topaketa antolatzen jardun den Zaparrada ezezik, beste zazpi batukada talde entzuteko aukera ere izango da, zapatuan, Zornotzan: Lasarte-Oriako Dinbi Danbak, Ugarteko Zugatik, Bilboko Batukale, Durangoko Batukandra, Arrasateko Sambamaña, Gernikako Tukatukada, eta Atarrabiako Niarawa taldeek ere eman dute izena jaialdian parte hartzeko. Ruben Pascual Zaparradako kideak prentsaurrekoan azaldu duenez, 130 perkusiojole elkartuko dira etzi Zornotzan egingo duten jaian.
Izan ere, taldeei bakarrik ez, norbanakoei ere egin diete topaketan parte hartzeko gonbidapena, eta 25 lagunek eman dute izena. Hasiberriei laguntzeko, jaialdian joko dituzten erritmoak ikasteko bideo tutorial bat zabaldu dute antolatzaileek topaketaren webgunean. Beraz, perkusioan lehen urratsak eman gura dituzten denek izango dute lekua Euskal Herriko Batukaden Topaketan.
Lasarte-Orian ospatu dituzte topaketen aurreko hiru edizioak, eta herri horretako Dinbi Banda batukada taldearen laguntzagaz antolatu dute Zaparradakoek maiatzaren 21eko egitaraua. Goizean goiz hasita, goizaldera arteko jaia egingo dute Euskal Herriko Batukaden Topaketan. Irtenbide eta Los Zopilotes Txirriaos taldeen doinuekin amaituko dute eguna.
EGITARAUA
10:30ean, txupinazoa eta parte-hartzaileen aurkezpena
11:30ean, tailerren hasiera (Beat Box, Dantza Afrikarrak eta Bodypercussion)
11:30ean, poteoa Burrunba elektrotxarangak girotuta
15:00etan, herri bazkaria
16:30ean, zumba saioa
18:00etan, batukaden kalejira
20:00etan, ekitaldi nagusiaren hasiera
22:00etan, Irtenbide eta Los Zopilotes Txirriaos
* Zubiondo plazan izango dira ekitaldiak