Agate Amilibia txelista zornotzarrak joko du Eleizetan zikloaren bigarren hitzorduan

Anboto 2016ko mai. 9a, 13:00

Maiatzean Zornotzako baselizetara ganbera musikaren bost emanaldi ekarriko dituen Eleizetan jaialdia aurkeztu dute, gaur, Bernagoitiko ermitan. Zikloaren barruko bigarren kontzertua eskainiko duen Musikeneko taldeko kidea da Agate Amilibia zornotzarra, eta gaurko aurkezpenean egon da, Andoni Agirrebeitia alkateagaz eta Luisja Ugarte kultur teknikariagaz.

Musikene goi-mailako musika ikastegian azken kurtsoa burutzen dabil Agate Amilibia 21 urteko musikari zornotzarra. Maiatzaren 15ean, 12:15ean, Musikenen sorturiko bi taldegaz (Dana hari laukoteagaz eta Kandinsky hari seikoteagaz) ariko da, Bernagoitiko San Migel elizan txeloa jotzen. Gaurko aurkezpenean esan duenez, sarritan izan da Eleizetan programazioaren barruko emanaldietan entzule, eta gogotsu dago Bernagoitin aritzeko. Dvorak eta Tchaikovskyren konposizioak interpretatuko dituzte Amilibiak eta bere taldekide gazteek, domekako emanaldi horretan.

Amiliabiaren eta Musikeneko kideen aurretik, Alos Quartet taldea ariko da Zornotzako Eleizetan zikloaren barruan: maiatzaren 14an, 20:00etan, Dudeako San Migel baselizan joko du laukoteak. Kaleratu berri duen Garden laugarren diskoa aurkeztuko du Xabier Zeberio, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Pello Ramirezek osaturiko taldeak, Zornotzan.

Bost dira, guztira, XVII. Eleizetan programazioaren barruko emanaldiak, eta Zornotzako beste horrenbeste auzotako baselizetan izango dira hitzorduak. Hauexek, hurrengo hiruak:

· Maitzaren 22an, 12:15ean, Boroako San Pedro baselizan: Argixe hirukotea

· Maitzaren 28an, 20:00etan, San Antonio Elgezabal baselizan: Ablaye Cissoko eta Volker Goetze

· Maitzaren 29an, 12:15ean, Etxanoko Andra Mari elizan: Brussels Virtuosi ganbera orkestra

Ohi bezala, emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago, entzuleak auzoetaraino eramango dituen autobus bat aterako da Zornotzako Gudari kaletik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!