Zornotzako Enplegu Bulegoa gaur ireki dute

Anboto 2016ko mai. 2a, 13:32

Andoni Agirrebeitia alkatea eta Estibalitz Martiartu zinegotzia Enplegu Bulego berriaren atarian.

Zornotzako enpresen eta langabetuen edo lan berri baten bila dabiltzanen arteko bitartekari izatea du helburu. Horrez gainera, ekintzaileei aholkularitza eskainiko die.

Gaur ireki dute enplegu eta sustapen ekonomikorako bulego berria San Migel kaleko 3. zenbakian. Harrera guneaz gainera, lau gela ditu 83 metro karratutan banatuta. Hainbat zerbitzu eskainiko ditu. Alde batetik, “azken urteetako gaitzik handiena” izan den langabeziari irtenbidea emateko baliabideak jarri gura dituzte Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan. Horrela, Zornotzako enpresen eta langabetuen –edo beste lan baten bila dabiltzanen– arteko bitartekari izango da: “Herriko enpresetako lehen aukera zornotzarrak izatea gura dugu”.

Bide horretan, herriko enpresetan azterketa bat burutuko dute datozen sei hileetan. Estibalitz Martiartu enplegu arloko zinegotziaren esanetan,  “langileak kontratatzerako orduan enpresek aurkitzen dituzten gabeziak zeintzuk diren identifikatzea da asmoa, ondoren horiei erantzuna emateko”. Enpresa denetara joango direla azpimarratu du: “Txikiek zein handiek, denek sortzen dute enplegua eta denak dira inportanteak”. Udalak gaur egun indarrean dituen diru-laguntzen artean, enpresa bideratutako batzuk daude, langile zornotzarrak kontratatzeagatik.

Era berean, langabetuei zein beste enplegu baten bila dabiltzanei gehien eskatzen diren lan profilei buruzko informazioa emango diete, beraien gaitasunak eta prestakuntza ahal den neurrian lan merkatuko eskakizunetara egokitu ditzaten. Enpresa Bulegora doazen herritarrekin datu base bat osatzen dabiltza.

Negozio berri bat martxan jarri nahian dabiltzan ekintzaileei ere aholkularitza eskainiko diete: “Kudeaketa eredu egokiena zein den, diru-laguntzak lortzeko zer aukera dauden… ekintzaileei laguntza eskaintzea da helburua”.

Enplegu Bulegoa astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era, egongo da zabalik. Harremanetarako telefono zenbaki bat jarri dute: 94 630 00 02.

Enplegu Bulegoko harrera:

 

Enplegu Bulegoko pasilloa: Eskumako aldean hiru gela daude;ezkerreko aldean harrera gunea eta batzar gela; aurrean, komuna.

 

Enplegu Bulegoko batzar gela:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!