Udalak 16 zornotzar aldi baterako kontratatuko ditu enplegua sustatzeko

Anboto 2015ko mar. 2a, 11:49

Aldi baterako lanak izango dira, batez ere, espazio eta gune berdeen mantenura bideratuak. Horrez gainera, aurtengo enplegu planaren barruan, Zornotzako langileak kontratatzen dituzten enpresentzako diru-laguntzak ere egongo dira.

Joan zen barikuko udalbatzarrean 2015erako Enplegurako Osoko Plana onartu zuten aho batez. Aurtengo zenbatekoa 397.740 eurokoa izango da. Diru kopuru horregaz, langabetuei lan merkaturako sarbidea erraztea, lanbide-prestakuntza osatzen laguntzea, eta, gizarte-bazterketan dauden kolektiboen lan mundurako integrazioa sustatzea izango dituzte helburu, besteak beste.

Enplegua sustatzeko bide bi jorratuko dituzte. Batetik, udalak zuzenean 16 zornotzar kontratatuko ditu aldi baterako. Espazio publikoen zein gune berdeen mantenurako lanak izango dira edo gizarte eta erabilera publikoari lotutakoak. Lan horiek lortzeko honako baldintzak bete behar dira:langabetua izatea eta bost urtez jarraian zornotzan erroldatua egotea, edo epealdi hori azken 15 urteetan betea izatea. Hautagaien eskaera Lanbiden egingo dute inpartzialtasuna bermatzeko.

Enplegua sustatzeko bigarren neurri bat Zornotzan kokatuta dauden enpresei bideratutako diru-laguntzak dira. Enpresek laguntzak jasoko dituzte langile zornotzarrak kontratatzeagatik eta baita behin behineko kontratuak indefinitu bihurtzeagatik ere.

Enpresen foroa

Herriko enpresari edo ekintzaileen arteko  sinergiak indartu eta elkarlana sustatzeko Enpresen Foroaren laugarren aldia egingo dute aurten. Bestalde, langabetuei lana bilatzen errazteko Arratia-Zornotzako Enplegu Zentroak ere bere betiko lanean jarraituko du, askotariko baliabideekin.

Zerbitzu horiek herritarren eskura jartzen dituen udal lokala Konbenio lanean kokatuta dago eta Zabaltzen-Sartu erakundeak kudeatzen du.

Aipatutako neurriekin batera erakunde publiko zein pribatuekin langileen formakuntzarako lankidetzak sustatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!