“Gorputzaldi ona berreskuratu eta errepidera azkar itzultzeko gogoa daukat”

Anboto 2016ko api. 30a, 10:00

Beñat Intxaustik denboraldia oso ondo hasi zuen, baina gaixotasun batek bere helburu nagusia zen Italiako Girotik kanpo utzi du. Movistar Team taldean bost urte eman ondoren, Team Sky talde indartsura egin zuen salto pasa den neguan. Chris Froome eta Mikel Landaren mailako txirrindulariak erreferente diren taldean jasotako babesa goraipatzen du.

Mononukleosi batek jota, otsailetik errepidera bueltatu ezinik zabiltza. Zelan zaude orain?
Forma oso onean ekin nion denboraldiari Valentziako itzulian, baina etxera itzuli eta egun batzuetara, gaixotu egin nintzen. Egoera ikusita, egun batzuetara odol analitika bat egin, eta egun batzuetara mononukleosia neukala diagnostikatu zidaten medikuek. Horren ondorioz, bi hilabete eman behar izan ditut bizikleta hartu barik. Orain, apurka-apurka irten naiz entrenatzera, erritmo lasaian, gorputzaldi ona berreskuratzeko asmoz.

Denboraldia ondo hasi zenuen Valentzian, bigarren  postua lortuz Xorret de Catiko etapan eta hirugarren eginez sailkapen nagusian. Urte hasiera honi begira prestatu zenuen egutegia?
Negua ederki joan zen, aurredenboraldiko saioak oso ondo irten ziren eta. Egutegiko lehen saio honi begira prestatu genuen aurredenboraldia, Italiako Giroari begira lehen lasterketetan sasoi puntua hartzen joateko. Mononukleosia dela-eta, helburu guztiak aldatu behar izan ditut, eta, orain, sasoia berreskuratzea da nire helburu bakarra.

Pena handia da azken urteetan hain ondo ibili zaren Italiako Giroa galtzea. Zeintzuk izango dira orain zure helburuak?
Momentuz, indarberritzeko saioekin baino ez nabil. Lasai nabil, presarik barik, orain ondo osatzea baita niretzako garrantzitsuena. Ez dakit oraindik noiz itzuliko naizen lasterketetara.

Urte batzuk eman dituzu Frantziako Tourrera eta Espainiako Vueltara joan barik. Plan aldaketa honekin, aurten lasterketa hauetakoren batera itzuliko zara?
Seguruenik bai. Italiako Giroa alboratuta daukat dagoeneko, eta beste egutegi alternatibo bat prestatu beharko dugu. Ez dakit Tourrean edo Vueltan izango naizen, ikusi beharra dago. Oraindik, baina, epe luzeko kontuak dira horiek. Momentuz, maiatzean edo ekainean lasterketetara itzultzea dut helburu.

Bi urterako fitxatu zenuen Skyrekin. Zerk eraman zintuen talde britainiarrera?
Oso harrera ona izan dut. Neguan egun asko eman genituen elkarrekin Mallorcako stagean, eta giro aparta dago. Niretzat esperientzia berria zen, kanpoko talde batera joateak apur bat izutu egiten baitzaitu hasieran. Zorionez, ezagun asko nituen taldean, eta hauek erraztu egin didate dena. Gaixotasunaren ondorioz, aste batzuk etxean eman ditut, baina gogotsu nago laster talde dinamikara itzultzeko.

‘Aurreko asteburuan Liege Bastogne Liege klasikoa berenagatu zuen Poelsek. Froome eta Landa Tourrerako eta Girorako hautagai nagusiak dira. Itzuli handiak eta klasikoak irabazteko presio handiagoa da Skyn beste taldeetan baino?
Erreferentzia talde bat da gurea. Lasterketa guztietan faboritoak gara, eta presio horrek ardura eta erantzukizun handia eskatzen du. Primeran egiten dugu lan, bakoitzak oso ondo baitaki bere egitekoa zein den. Azkenean, lan gogor honek emaitza onak ekartzen ditu.  

Mikel Landa taldekideak Italiako Giroan zer errendimendu eskaini dezakeela uste duzu?
Lasterketa garrantzisu bat irabazi du Trentinon, eta oso egoera onean dago. Girorako ondo helduko da, talde ona eramango du, eta sailkapen nagusia irabazteko faboritoen artean egongo da. Oso lasterketa ona egingo duelakoan nago, gogotsu baitago.

Denboraldi honetan eusky ezizena modan jarri da. Xabier Zandio,  Mikel Landa, Mikel Nieve, David Lopez eta zu baitzaudete talde britainiarrean. Poztekoa da egungo txirrindularitzan erreferentea den taldeak euskal txirrindulariengan konfiantza izatea?
Zoragarria da talde berri batean taldekide ezagunak izatea.  Fitxatu nuenean, asko baloratu nuen alderdi hori. Txirrindulariez aparte, mekanikari eta masajista euskaldunak ere baditugu taldean. Azkenean, Sky-ren moduko talde indartsu batek euskal txirrindulariengan konfiantza izatea pozgarria da guretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!