Lasuenek eraikuntza arloko hitzarmena urratu duela jaso du Lan Ikuskaritzak

Anboto 2016ko api. 26a, 10:35

Ondorioz isun bat jarri dio. Zapatuetan lan egin eta lanaldiak handituz eraikuntzako lan egutegia urratzea da isun horren zergaitia LAB-ek salatu duenez. Lasuenek dio hori gezurra dela eta isunaren arrazoia lanorduak atseden orduengatik aldatu izanagatik jarri diotela eta hitzarmenak ez dietela hori baimentzen.

LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen iazko urte amaieran Zornotzako kaleetan —Osasun Zentro berriaren ondoan— obretan zebilen Construcciones Lasuen enpresak, Bizkaiko Eraikuntzako hitzarmen kolektiboan ezartzen diren lan baldintzak urratzeagatik, bai babes neurrietan eta bai lanegunei dagokienez.

Lan Ikuskaritzak obrara egindako bisiten ostean txostena osatu du eta lanaldiei dagokienez urratze bat jaso du: “Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmen kolektiboa ez dute bete;  hitzarmen honetan zehazten den lanaldiak handitu dira”, LAB-en esanetan: “Obra hile bat arinau bukatu zela kontutan izanda, ez geneukan inolako zalantzarik lanaldien luzapen bat existitu dela, eta ondorioz, Bizkaiko eraikuntzako lan egutegia eta lanaldia urratzen ari zela”.  Salatu dutenez, “lanaldien luzapenek ere prekarietatea suposatzen dute, lan osasunean eragin zuzena dutelarik”.  Prekarietatearekin amaitzeko “borondate politikoa” behar dela uste dute eta alderdi denei, “batik bat EAJri”, lehiaketa publiko “eredu desberdin bat” ezartzeko lan egin dezaten eskatzen diete. Azkenik, apirilaren 28an, ostegunean, osasun laboralaren nazioarteko eguna dela-eta, horren inguruko mobiliazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Lasuen enpresako Mikel Lasuenek isun bat jarri dietela onartu du, baina “ez da lanorduak araututakoaren gainetik handitzeagatik; hori gezurra da”. Lasuenen esanetan, hauxe da isunaren arrazoia: “Bizkaiko hitzarmenak ez du baimentzen lanorduak atseden orduengatik aldatzea, alde bien arteko akordioa dagoen arren”. Urtarrilaren 16ko zapatuan langile bat obretan lanean zebilela jasotzen du Lan Ikuskaritzaren txostenak: “Zapatuan lan egin zuen, bizilagunek udaletxeari eskatu ziotelako ur emaria astelehenean baino zapatuan moztea gurago zutela eta hori jakinarazi zigun guri udaletxeak. Hori da zapatuan lan egin izanaren arrazoia. Langile bakarra egon zen eta astelehean jai eguna izan zuen”. Horrela, Isuna errekurritzeko asmoa du: “Ohore kontua da”.

Era berean, txostenak ez du jaso LAB-ek salatutako segurtasun neurriei inguruko “urradura bat bera ere”, Lasuenek azpimarratu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!