LABek salatutakoak gezurtatu ditu Lasuenek

Anboto 2016ko urt. 14a, 16:36

Segurtasun neurriak betezen dituztela segurtatu dute.

Lasuen enpresa San Migel eta Lehendakari Agirre kaleetan urbanizazio lanak egiten ari da. LABen ustez, hango langileek ez dute bete izan Bizkaiko Eraikintza arloko Hitzarmena, babes neurriei eta lanegunei dagokienez. Horregatik, salaketa jarri zuen Bizkaiko Lan Ikuskaritzan, iazko abenduaren 21ean. Langileak, esaterako, kasko barik aritu izan direla diote, eta zapatuetan lan egin izan dutela, hitzarmenean jaieguna denean. EH Bilduk iazko udalbatzar batean ere salatu zuen obretako langileek babes neurrietan gabeziak zituztela.

Lasuen enpresak, aldiz, dena legez eraman duela dio, eta LABen jarrerari “lotsagarria” deritzo. Lehenengo eta behin, salaketa jarri aurretik, LABek eurekin berba ez egitea salatu du Mikel Lasuenek, eta erabat gezurtatu ditu sindikatuak leporatu dizkienak.

Osalanek azterketa bat baino gehiago egin dizkietela azaldu du, eta ez dutela LABek salatutako arau-hausterik aurkitu.  LAB Bizkaiko Eraikuntza arloko Hitzarmenean oinarritu da salaketa egiteko. Lasuenek, ordea, obra horrek, edozein obren modura, segurtasun plan propio bat duela dio, “udalak kontratatutako aditu batek egin eta udalak balioesten duena”. Han jasotzen dira obretako lan bakoitzari dagozkion segurtasun neurriak: “Obretako lan bakoitzak bere babes neurri propioak ditu. Baldosak ebakitzeko ez dutela kaskorik jartzen? Jakina, ez dago beharrik ere”.

Lasuenek azaldu duenez, udalera birritan deitu du udal ordezkariekin, obra zuzendariarekin eta segurtasun koordinatzailearekin batzartu eta argibideak eskatzeko: “Oraindik deia bueltan jasotzeko zain nago”. EH Bilduko ordezkariek diotenez, aldiz, ez dute batzar eske egindako dei horien gaineko konstantziarik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!