Gazte mailako pilotaririk onenekin abian da Master Kaiola txapelketa, Zornotzan

Anboto 2016ko api. 22a, 13:30

Txapelketaren aurkezpen ekitaldiko argazki antolatzaile, laguntzaile eta babesleekin.

Iazko estreinaldi arraskatsuaren ostean, Zornotzako Lagun Onak pilota elkarteak Master Kaiola pilota txapelketako bigarren aldia antolatu du aurten. Hiru hilabetez, gazte eta 22 urtez azpiko 100 pilotari lehiatuko dira Amorebieta IV pilotalekuan.

Txapelketa lau t’erdian jokatuko dute. Gehienak gazte mailakoak izango dira: 64. Gainerako 34 pilotariak 22 urtez azpikoak dira. Aspe eta Asegarce enpresek bultzatu eta babesten duten txapelketa da, eta Euskal Herriko zein Errioxako pilotaririk onenek parte hartuko dute: “Aspe eta Asegarceren agendan dauden pilotariak etorriko dira, Euskal Herriko onenak. Profesionaletarako bidean dauden pilotariak ikusteko aukera dago”, adierazi du Iñaki Olabarri txapelketako antolatzaileetako batek. Txapelketak kanporaketa sistema erabiliko du. Irabazlea hurrengo txandara sailkatuko da, eta galtzaileak agur esango dio txapelketari.

Partiduak ostiraletan, 19:00etan, eta igandeetan 11:00etan jokatuko dituzte. Maila bietako finalak, berriz, Zornotzako Karmen jaien barruan jokatuko dira, uztailaren 23an.

Asteburuko jardunaldia
Gaur hasiko den bigarren jardunaldian zornotzar bi arituko dira lehian. Lagun Onak taldeko Beñat Iturbek Sevilla gasteiztarra izango du aurkari gaurko hirugarren partiduan. Domekan, berriz, Erik Lizundia zornotzarrak Pagazaren aurka jokatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!