Apirilaren 5ean Ogenbarrenako zati bat berrantolatu eta azpiegiturak berritzeko lanak hasi zituzten. 500.000 euroko aurrekontuagaz lau hilabete iraungo dute.
Iaz lehenengo faseko lanak amaitu zituzten. Oraingo lan hauek Juan XXIII kaleari, eta, Unamuno eta Ogenbarrena kaleetako zati banari eragiten die. Lehen faseko eredu berdina darabilte bigarrenean; amaituta dauden lanek ondo erakusten dute inguru osoa zelan geratuko den.
Oro har, gainaldean “inguruak berrantolatu, herritarrentzako espazio atseginak hornitu argiteria berrituko” dute Kepa Sacristan obra zuzendariaren arabera. Oinezkoak lehenetsiz, baina “ibilgailu eta oinezkoen arteko kohesistentzia egokirako guneak sortuz”.
Lur azpian, berriz, hodieria eta telefonia sareak berritu zein antolatuko dituzte: “Ikusten ez diren lanak dira, baina onurarik handiena ekarriko dutenak”. Ildo horretatik, lehen faseko buruhausterik handienak azpiegiturek eragin zituztela gogoratu du Andoni Agirrebeitia alkateak, “sistema batzuk narriatuko zeudelako”. Arduradunek arazo horiek bideratzeko lana azpimarratu du.
Juan XXIII kaleko alde bat ia amaituta dago: azpiegiturak berritu dituzte, asfaltu imprimatua bota dute eta aparkalekuak pintatzea falta da. Beste aldean, aipatutako lanak errepikatuko dituzte. Aparkalekuak bidearen beste aldera pasatuko dituzte eta orain arte lez baterian aparkatuko da. Gune horretan kale itsu bat dago. Orain arte autoak sartu ahal izan dira; lanak amaitzean oinezkoendako jarriko dute: besteak beste lau urki landatuko dituzte eta eserlekuekin hornituko dute. Lan hauek dira azkenengo burutuko dituztenak.
Juan XXIII kalearekiko paralelo doana da Unamuno. Kale honetako lan erdiak lehen fasean egin zituzten eta orain Ogenbarrena aldekoei ekingo diete.
Gaur egun, Ogenbarrena kalean ari da lanean Bermeosolo enpresa. Aurreko biei perpendikular doan kale horretan hasi dituzte azken faseko lanak.
Lanak non izango diren erakusten duen irudia:
Lanen ostean ingurua zelan geratuko den erakusten duen irudia: