Denboraldi oso irregular bati amaiera eman zion Ametx Zornotzak pasa den zapatuan. Talde berdea playoffetara sailkatzeko aukerekin heltzen zen azken jardunaldira, Cambadosen aurkako garaipen batek eta Clinicas Rincon talde malagarraren porrot batek igoerarako borrokatzeko sailkatzeko azken sarrera ematen baitzuen. Andaluziako taldeak ez zuen kale egin, eta zornotzarren aukerak ezerezean gelditu ziren Larreako partida bukatu baino lehen. Honek azken ziztada suposatu zion Ametx Zornotzari, eta azkenean lehia estuan zihoan partida puntu bakarreko aldeaz galdu zuen luzapenean.
Jende asko bildu zen Larreako kiroldegian Zornotzako taldeari azken bultzada emateko. Mikel Garitaonandiaren taldeak, urte osoan pasa den moduan, lesio ugarirekin iritsi zen partidara. Carretok ezin izan zuen jokatu, eta Nkalolou eta Arruti ez zeuden ehuneko ehunean. Arturo Cruzen gidaripean eta Enosch Wolfen puntuekin partida aurrera eramaten saiatu zen Zornotza lehen laurdenean. Bigarrenean, Ander Garcia bergararraren puntuek sei puntuko aldeaz utzi zuten markagailua atsedenaldian, 37-31.
Aldageletatik bueltan, partidua apurtzeko parada izan zuen talde berdeak hamar puntuko aldea hartu baitzuen. Cambadosen hirukoek aldea mantendu zuten azken minutuetara berdinketarekin helduz. Arturo Cruzen bost puntuk 69ra berdindu zuten partidua eta Cambadosek irabazteko baloia zeukan. Chapela antolatzaileak huts egin zuen azken jokaldian eta luzapenera joan zen partidua. Ordurako Larrean bazekiten jokalari eta zaleek Clinicas Rinconek bere lana bete zuela eta playoffetara sartzeko aukera galdua zegoela jadanik.
Luzapenean Cambadosek partida aurrera ateratzeko gogo gehiago jarri zuen, hauek garaipen bat behar baitzuten maila mantentzeko. Jaurtiketa libreen marratik oso fin azaldu zen talde galiziarra, baina Zornotzak bi segunduren faltan puntu bakarreko aldera baino ez zegoen. Irabazteko azken erasoa huts egin zuen Arturo Cruzek, Sergi Quintelaren txapel bat jaso baitzuen. 76-77ko emaitzarekin bukatu zen Ametx Zornotzaren iragan denboraldia. Lesioz betetako denboraldi honetan ez dute egonkortasunik lortu Garitaonandiarenek. Dagoeneko datorren urteari begira jarri dira bulego berdeetan planifikazioarekin hasi baitira.