Orain egun bi abiatutako ekimenak 45 sinadura batu ditu oraingoz. Eroskik Zornotzako Tantorta auzoan ireki gura duen supermerkatu berriaren kontra egoteko arrazoiak webgunean bertan zehazten dituzte: “Hipermerkatu hori eraikitzen badute, trafikoa, kutsadura, istripuak, zarata gehiago egongo da eta gainera udalak kontsumismoa bultzatuko du beste eredu iraunkor batzuk bazterrean utzita”.
Zornotzan “multinazional desberdinetako sei supermerkatu daude” gogoratu dutenez eta “nahiz eta instituzioetatik denda txikien aldeko kanpainak egin, gero eta pertsiana gehiago itxita ikusten ditugu gure herriko kale askotan”. Euren ustez “ez da kasualitatea zentro komertzial hauek zabaltzea eta gero eta denda txiki gehiago ixtea”.
Gainera, supermerkatua irekitzearen truke Eroskik Tantorta auzoko urbanizazioa egitea “xantaia” dela deritzo: “Argi dago hori udalaren ardura dela, herriko beste auzoetan egiten den moduan eta ez multinazional baten eskutik”. Supermerkatuaren irekiera ahalbidetzeko, Gobernu Taldeak arau subsidiarioak “aldatzea” jarrera “guztiz kontrajarria” iruditzen zaio: "Benetan denda txikien alde badaude ezin da onartu hipermerkatu gehiagorik eraikitzea".