Ogenbarrena auzoa urbanizatzeko lanen bigarren fasea esleitu du Zornotzako Udalak. 500.000 euro inguruko aurrekontuagaz, Bermeosolo enpresak hainbat lan burutuko ditu gune hura berrantolatzeko, beti ere oinezkoei lehentasuna emanez.
Lanak apirilaren 5ean hasiko dituzte, eta lau hilabete inguru iraungo dute. Oinezkoa protagonista duen ingurua sortzea da helburua. Beraz, zabalagoak izango dira Unamuno eta Juan XXIII kaleetako espaloiak eta irisgarritasunaren alorreko araudira egokituta egongo dira.
Oinezkoen segurtasuna ere hobetu gura dute. Ildo horretatik, espaloi zabalagoak dituzten guneak sortuko dira, zebra pasabideen antolaketa egokituko dute eta Juan XXIII kaleko kalexka oinezkoentzako gune bilakatuko dute. Horrez gainera, aparkalekuak ere berrantolatuko dituzte, erabilera egokiagoa izan dezaten.
Aldi berean, oinezkoentzako ibilbideen sorrera eta hobekuntzarekin batera, izaera bikoitzeko asfaltoa jarriko da, barneko eta oinezkoentzako guneetan asfalto inprimatua eta perimetroko aldeetan, berriz, asfalto arrunta ezarrita. Argiteria ere hobetuko dute: kale mailako argiteria berritu egingo dute eta fatxadetan dauden farolak, berriz, espaloietara eramango dituzte.
Azkenik, saneamenduaren banantze-sistema sortuko da Unamuno, Juan XXIII eta Ogenbarrena kaleetan.