Bizkaiko kostaldea familia giroan ezagutzeko aukera dago Zornotzan

Anboto 2016ko mar. 14a, 09:00

(Argazkia: Jsanchezes)

‘Ibilaldiak Familian’ programak Bizkaiko kostaldea ezagutzeko aukera eskainiko dute udaberriko hiru igandetan: Muskiz-Zierbena, Laida-Laga eta Elantxobe-Laga dira hiru proposamenak.

Zornotzako Udaleko Euskara Sailak Ibilbideak Familian programa abiatu zuen iazko udaberrian. Orduan hiru txango antolatu zituzten Zornotza ingurutik. Aurtengo udaberrian Bizkaiko kostaldea ezagutzeko aukera eskainiko dute. Apiril, maiatz eta ekaineko domeka banatan izango da. Bost-sei kilometroko ibilaldiak dira, egiteko errazak. Autobus zerbitzua eta begirale euskaldunak izango dira eta, ibiltzeaz gainera, bisitatzen diren tokietan interesdun ezaugarriak eta jakingarriak azpimarratuko dira.

Lehenengo ibilaldia apirilaren 10ean izango da. Muskiz eta Zierbena arteko kostaldean ibiliko dira (6 kilometro). 1936ko gerrateak euskal mendietan utzi zituen aztarnak bisitatuko dituzte.

Maiatzaren 8ko bigarren txangoak Laida eta Laga batzen ditu (7 kilometro) eta, besteak beste, Akorda eta inguruko kontu eta istorioetan murgilduko dira.

Ekainaren 5ean izango da hirugarren saioa Elantxobe eta Laga artean (5 kilometro). Bizkaiko herri berezienetakoa da Elantxobe. Hango kale estu eta aldapatsuetan hasi eta Ogoñoraino joango dira.

Irteerak 10:00etan izango dira Gudari kaleko autobus geltokian. 1.5 euro da lehenengo ibilaldiko prezioa; 2.8 euro bigarrenarena eta 10 euro hirugarrenarena. Izen-ematea Zelaieta Zentroan egin daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!