Maiatzaren 21ean Zornotzan egingo duten Batukaden Topaketarako izen ematea hasi da

Anboto 2016ko ots. 29a, 09:00

Zornotzako Zaparrada taldeak dihardu maiatzeko topaketa antolatzen.

Euskal Herriko Batukada Topaketan parte hartu gura duten talde eta norbanakoei izena emateko deia luzatu diete antolatzaileek. Maiatzaren 21ean, Zornotzan, ospatuko dute Batukada Topaketen laugarren edizioa, Hemen eta han, takatan! lemapean.

Topaketari buruzko informazioa zabaltzeko prestatu duten webgunean eman daiteke maiatzaren 21eko ekimenetan parte hartzeko izena. Taldeei zein norbanakoei luzatu diete izena emateko proposamena: "Perkusioa atsegin duen eta mundutxo honetan lehen urratsak egin nahi dituenak ere izango du gurera hurbildu eta gozatzeko aukera", adierazi dute ekimenaren antolatzaileek.

Lasarte-Orian ospatu dituzte topaketen aurreko hiru edizioak, eta, Zaparrada talde zornotzarrak eta Lasarteko Dinbi Banda batukada taldeek dihardute aurtengo Zornotzako hitzordua prestatzen.

Egun osoko egitaraua izango da Euskal Herriko Batukada Topaketari begira antolatuko dutena: tailerrak, kontzertuak, eta bazkaria izango dira, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!