Juan Mari Estancona: "Duela 15 urte sortu zitzaidan artearekiko jakin-mina; ordutik pasioz bizi dut

Anboto 2016ko ots. 23a, 16:00

Otsailaren 26ra arte daude Juan Mari Estancona eskultore eta pintore zornotzarraren artelanak, Zornotzako Zelaieta Zentroan ikusgai.

‘Udako gau beroa’ izenburua du Zornotzan ipini duzun erakusketak. Nondik dator izena?
Beroa eta pasioa iradoki gura ditut erakusketaren izenburu horregaz: erakusketan ikusgai dauden koadroetan islatzen den beroa eta eskulturgintzarekiko sentitzen dudan pasioa.

Pintura ez duzu hainbesteko pasioagaz bizi?
Eskulturgintzaren osagarri gisa bizi dut pintura: gehiago motibatzen nauen eskulturgintzan jardun ostean, erlaxatzeko modua da niretzat margotzea. Eskulturgintzan emandako indarrak berreskuratzeko modua.

Izenbururik bako koadroak dira.
Ikusten duzunez, ez dira koadro errealistak, fantasia da irudikaturiko guztia. Ikusten denetik haratago, ez daukat beste azalpenik: koadro batean uztarturiko kolore eta formak dira. Ez dago beste konnotazio psikologiko edo soziologikorik. Hain zuzen, horregatik ez diet lanei izenbururik ipintzen. Ez dut jendearen interpretazioan eragin gura.

Zelan lantzen dituzu koadroak?
Oso modu intuitiboan lantzen ditut gehienak: materia eta kolorea mihisean zabaldu daitezen uzten dut, gustuko ditudan formak lortu arte. Aldiz, badaude beste koadro batzuk aurrelan handiagoa eskatzen dutenak. Erakusketa honetan ikusgai dauden pinu azikulagaz egindako koadroak, esaterako.

Askotariko materialak darabiltzazu zure sorkuntzan. Gustuko duzu esperimentatzea?
Bai, oso gustuko dut. Autodidakta naizenez, koadro zuri baten modukoa naiz neu ere: lan bakoitzagaz sortzen zaizkidan beharrei erantzun guran ibiltzen naiz probak egiten. Guztia da neure barruan sorturikoa.

Erakusketako eskulturetan, eskuak eta giza figura agertzen dituzu. Mugikorrari heltzen dio eskuetako batek, eta kala lore bat eskaintzen du beste batek...
Bai, oso adierazkorrak dira eskuak, esanahai handikoak: zerbait eutsi edo eskaintzeko balia daitezke. Mugikorraren kasuan, komunikaziorako teknologiek eskaintzen eta, aldi berean, kentzen digutenaz dihardut. Kala lorea eskaintzen duen figuragaz, erakusketara datorrenari ondoetorria eman gura izan diot. Greziako harrizko eskulturetan bezala lantza bat barik, lore bat ipini diot eskuetan.   

Duela urte gutxi arte ez dituzu zure artelanak erakutsi. Noiz  eman zenuen pausoa?
Hemen inguruan, Durangoko Arte eta Historia Museoan ipini nuen lehenengo erakusketa, 2012an. Eta 2014an erakutsi nuen lana, Zornotzan.

Ez daramazu urte asko arte sorkuntzari lotuta, ezta? Helduaroan ekin zenion eskulturgintza eta margongitzari.
Gorputz Henkuntzan lizentziatua naiz ni ikasketaz. Duela 15 urte sortu zitzaidan artearekiko jakin-mina, eta ordutik, pasio handiz bizi dut. Hamabost urteotan, pixkanaka joan naiz sorkuntzaren munduan barneratzen: zuragaz esperimentatzen hasi nintzen, gero eskulturei kolorea ematen, koadroak margotzen gero...  

Zelan sortu zitzaizun, duela 15 urte, artearen munduan barneratzeko grina hori?
Asturiasen geundela, zura lantzen zebilen artisau baten jardunak liluratu ninduen, eta jakin-min handia sortu zitzaidan. Gauza anekdotikoa izan zen, garrantzi gehiagorik bakoa, baina une horretatik aurrera hasi nintzen ni ere sortzen. Nire bizitzan, lehenago, eskuartean sekula hartu barik neukan gubia bat edo pintzel bat...

Zailenetik hastea dela ematen du zura lantzeari ekiteak: ez dizu teknika inork irakatsi?
Ez, neure erritmora ikasten joatea da, hain zuzen, gura izan dudana. Nahiz eta jakin niri bururatu zaizkidanak baino teknika aproposagoak egongo direla, gustuko dut neure teknika originalak baliatzea.

Zer daukazu orain eskuartean?
Sortzea eta sortzea. Hori da gehien betetzen nauena. Bitxia da, pasio ia ulertezina da sorkuntzagaz sortu zaidan hau: lehenago hain urrun sentitzen nuen errealitate horretan zelan barneratu naizen hainbeste. Egunean sei-zortzi orduz ibiltzen naiz sorkuntza lanetan, eta beti darabilt ideiaren bat buruan. Sarritan hiru-lau lan izaten ditut eskuartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!