Ama talde batek, nerabezaroan areto-futbola praktikatzen zuten sasoia gogoratzen hasi zenean, berriro elkartzeko eta futbolaz gozatzeko erabakia hartu zuten. Orduan, jende bila hasi ziren, eta, gaur egun, 12 jokalari dituzte taldean.
Datorren denboraldian liga ofizialean sartu gura dute. Lehenengo pausoa klub bat sortzea izan da. Orain, jokalari gehiago eta baliabide ekonomiko handiagoen bila dabiltza: “15 urtetik gora duten denentzat ateak zabalik ditugu, izan Zornotzakoa, Durangaldekoa zein Bizkaia mailakoa”, dio Edurne Azpitarte Betigol taldeko kideak. Gaur egun ere, hainbat herritako emakumeak daude taldean: portugaletear bat eta muxikar bi, esaterako. Jokalari batzuk aurretik areto-futbolean ibilitakoak dira, eta futboletik etorri denik ere badago. Beste batzuek, ordea, lehenengo esperientzia dute. Orain, ahalik jenderik gehien batu, eta apurka-
apurka taldea lantzen joan gura dute, datorren denboraldira begira.
Gaur egun, astean bitan batzen dira Ganen: martitzen eta eguenetan, 20:00etan. Interesatuk hara joan daitezke edo edurne.betigol@gmail.com-era idatzi dezakete.
Bi emakume transexual taldean
Klub berrian sustatu gura dituzten balioen artean tolerantzia dago. Bi emakume transexual dituzte taldean, eta kolektibo horrek jasan izan duen bazterkeriaren aurrean aukera berdintasunaren eta elkartasunaren aldarria lau haizetara zabaldu gura dute: “Hesi eta bazterkeriarik bako emakumeen talde bat sortzeko bidean bidelagun izango ditugu biak”. Bata zornotzarra da, eta bestea portugaletearra.
Elkartasuna behar dutenekin
Solidaritatea da taldeak sustatu gura duen beste balioetako bat. Beraz, alde batetik, bazkide eta abonatu bila dabiltza kluba sortzeak eta liga ofizialean parte hartzeak eragingo dizkien gastuei aurre egiteko. Baina, aldi berean, beren filosofiari jarraituz, diru-sarreren zati bat Zornotzako Accion Social Amorebieta elkarteari emango diote. Elkarte honek beharrizana duten zornotzarrei laguntzen die.