Ziztada Gunea, Arkupe taldea eta EH Bildu Eroskiren irekieraren kontra

Anboto 2016ko ots. 18a, 13:23

EH BIlduko zinegotziak Zornotzako udalbatzar batean

Tokiko merkataritzarako kaltegarria izango dela uste dute.

Zornotzako Arkupe kontsumo taldeak eta Ziztada Guneak ohar batean supermerkatu hau zabaltzearen kontrako jarrera adierazi dute.  Kontsumo aldaketetan eta kontsumismoan duen eragin eta esanahiagatik ez daude ados supermerkatu berria irekitzeagaz: “Supermerkatua irekitzen badute, trafikoa, kutsadura, istripuak, zarata gehiago egongo da, eta gainera, udalak kontsumismoa bultzatuko du beste eredu iraunkor batzuk bazterrean utzita. Adibidez, bertako produktuen kontsumoa, agroekologikoa eta transgeniko gabekoa bultzatzen duen eredua. Bide horrek elikadura burujabetza du izena”. Era berean, Gobernu Taldeak supermerkatua  egiteko udal arauak aldatzeko duen asmoa kritikatu dute: “Denda txikien alde badaude, ezin da onartu supermerkatu gehiagorik egitea. Aldi berean, urtero, baratze sozialak egitearen aurka bozkatzen dute”.

Supermerkatuari tokia egiteko araudia aldatuko dela kritikatu du Zornotzako EH Bilduk bere webgunean: “EAJk eta PSEk araudia aldatuko dute Tantortan azalera handiko merkataritza gunea eraikitzeko. Egitasmo horrek, besteak beste, herriko merkatariei eta ostalariei kalte egingo diela ziur gaude. Etorkizunean beste enpresa batzuk izango dira, legea aldatuta, Zornotzako ateak parez pare irekita izango dituztelako. Azalera handiko merkataritza guneen aurka gaude, tokiko merkataritza kaltetzen dutenaren iritzikoak garelako”.

EAJ eta PSEri, “sobera bazekiten arren”, proiektu honen gaia “hausteskundeetan zergatik ez zuten atera” galdetzen diete: “Botorik ez galtzeko?”. Tantorta auzokideentzako honako mezua utzi dute: “Zuekin egon ginen eta argi utzi genizuen gure jarrera eta ikuspuntua. Beste kasu askotan udalak lur pribatuak erosi ditu benetako beharrizana ikusi badu. Baina oraingoaz ez. Agian, eta berriro diogu, agian, boto gutxi zarete auzoan…”. Herriko merkatari eta ostalariei “saiatu gara” esaten diete: “Gure esku dagoena egin dugu, baina ezin izan dugu proiektua geldiarazi. Barkatu guri dagokigun aldetik”.

Azken mezua Eroskiri zuzendutakoa da: “Gurekin birritan elkartu eta gero badakizue gure arazoa ez dela inoiz izan herrian dituzuen gainontzeko dendak, baizik eta zentro berri honen eredua. Zuren lehiakideak etortzen badira ezingo dugu deus saihestu. Egingo diren arau aldaketak direla eta, aukerarik gabe geratuko gara”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!