Eduardo Ubis: “Ahalik eta gol gehien sartu nahi dut, taldeak goiko postuei eusteko”

Anboto 2016ko ots. 20a, 10:00

Orain lau urte Amorebietarekin urte paregabea izan ondoren, bere jaioterriko Logroñesen eman ditu azken bi urteak. Udan, talde urdinaren eskaintza jasotzean, ez zuen pentsatu ere egin, eta bere bigarren etxera bueltatu zen. Amorebietaren denboraldiko erreferentea da 10 gol sartuta, inoiz egin duen markarik onena. Taldea edozergatik borrokatzeko prest ikusten du 27 urteko jokalari errioxarrak.

Denboraldi hasiera zail baten ostean, partidek aurrera egin ahala goiko postuetan finkatu zarete. Ze emaitza jarriko zenioke lehen itzuliari?
Taldea mailara egokitu aurretik emaitza kaskarrak izan genituen. Ordutik aurrera, puntu asko pilatu ditugu, eta nik uste dut emaitza onarekin bukatu dugula lehen itzulia, hasieran pentsatutakoa baino puntu gehiagorekin.

Azken lau jardunaldietan puntu bakarra lortu duzue. Zer falta zaio talde urdinari azken partidetan?
Etxean jaso ditugun azken bi porrotak gogorrak izan dira. Ebroren aurka ez ginen fin ibili, eta, pasa den astean, Real Madril Castillaren aurka bat gutxiagorekin, zaila da. Etxetik kanpora zailagoa da puntuak lortzea. Azken jardunaldietan ez gabiltza ongi, baina 13 jardunaldi geratzen dira, eta 46 puntu lortu behar ditugu mailari eusteko.  Helburu hori lortzean hasiko gara gauza handiagoetan pentsatzen.

Urritxen denboraldi osoan erakutsi duzuen trinkotasuna berreskura daiteke?
Azkenean, denok erasotzen dugu. Eta denok defendatu. Ebroren aurka aukera asko izan genituen, eta ez genuen golik sartu. Beraiek, ostera, behin heldu eta gola sartu ziguten. Real Madrilen aurkako lehian, 30. minutuan atera ziguten txartel gorriak partida erabaki zuen. Defentsako intentsitate hori berreskuratzea espero dugu.

Datozen bi partidak funtsezkoak izango dira goiko postuei eusteko. Realaren bigarren taldearen aurka Zubietan, eta gero, Real Union hartuta Urritxen.
Bai. Zapatukoa, Zubietan, oso partida zaila izango da, baina emaitza on baten premian gaude sailkapenaren goikaldean jarraitzeko.  Urritxen, ostera, oso talde gogorra garela erakutsi dugu, eta oso zail jartzen dizkiogu gauzak aurkariari. Partidak irabazten hasi behar dugu, eta espero dut asteburu honetan izatea aurrena.

2011-2012 denboraldia Amorebietan igaro ostean, bi urte eman zenituen Unión Deportiva Logroñesen, azkena espero baino aukera gutxiagorekin. Zerk animatu zintuen Amorebietaren eskaintza onartzera?
Azken urtea, Logroñon, maila pertsonalean gogorra izan zen, oso minutu gutxi jokatu bainituen. Amorebietan ibili nintzen urtean play-offak lortu genituen, eta oso urte polita izan zen. Taldekide, klubeko jende eta zaleen oso oroitzapen onak gordetzen nituen. Amorebietara bueltatzeko eskaintza egin zidatenean, ez nuen pentsatu ere egin. Oso gustura nago, eta gauzak oso ondo doaz.

32 partidatan 9 gol egin zenituen urte hartan elastiko urdinarekin. Amorebietan eman zenuen lehen urteko ze oroitzapen gordetzen dituzu?
Oroitzapen onak baino ez ditut. Play-offetan aurrera jarraitu ez izana, agian, txar bakarra. Urte harrigarria izan zen bai maila pertsonalean bai talde modura. Oso lagun onak egin nituen urte hartan, eta oraindik kontaktua mantentzen dut beraiekin. Oso urte ona egin genuen denboraldi hartan.

2012ko Ubisekin alderatuz, zertan hobetu duzu?
Lau urte igaro dira, eta esperientzia gehiago daukat. Honez gain, hegalean aritzetik aurrelari moduan jokatzera pasatu naiz.

Dagoeneko 10 gol sartu dituzu, zure markarik onena. Zure kirol momenturik onenean zaude?
13 jardunaldi geratzen dira, hau luzea da, eta ahalik eta gol gehien sartzen saiatuko naiz. Golen arloan ez dut toperik jarri nahi.

Noraino heldu daiteke aurtengo Amorebieta?
Guk oso argi daukagu aurrena 46 puntu lortu behar ditugula. Hortik aurrera, ikusiko dugu ea noraino heldu gaitezkeen. Oso egoera onean gaude, eta borroka oso polita egongo da igoera postuak lortzeko.

Logroñokoa izateaz gain, bi denboraldi eman zenituen zure herriko talde den Unión Deportiva Logroñesen. Talde errioxarreko ze oroitzapen gordetzen dituzu?
Oroitzapen onak ditut. Azken urtean, nahiz eta minutu asko izan ez, igoera oso gertu izan genuen. Igoerako kanporaketetatik kanpo gelditu ginen, era oso polemiko batean, epaile aldaketa eta guzti izan zuen partidan. Familia eta lagunak nituen, baina jokalariei minutuak jokatzea gustatzen zaigu.

Zelan ikusten duzu Carlos Pousoren aginduetara lehen multzoan bigarren doan Logroñes taldea?
Pare bat partidutan joan naiz Las Gaunasera, eta oso maila ona daukate. Lehengo urtean baino askoz talde handiagoa du, aurten, Logroñesek. Honez gain, oso talde gogorra da defentsan, oso gol gutxi jasotzen dituena. Ez da erraza punturik lortzea beraien zelaian. Igoerarako borrokan egongo dira, seguru.

Sinatuko zenuke playoffetan Las Gaunasera Amorebietarekin itzultzea?
Ilusio handia egingo zidan.  Polita izango zen nire herrira itzultzea, eta are gehiago Amorebietarekin jokatzea bertan. Ea bi taldeok maila onean bukatzen dugun denboraldia, eta play-offetan sartzen garen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!