Mikel Garitaonandia: “Lesioak alde batera utzi, eta sailkapenean gora egin nahi dugu”

Anboto 2016ko ots. 4a, 15:59

Azken partiduetan eskainitako hobekuntzarekin jarraitzea espero du entrenatzaile durangarrak.

Lehenengo bi urteak laguntzaile modura eman zituen arren, hau laugarren urtea du Ametx Zornotzako lehen entrenatzaile modura Mikel Garitaonandiak. “Zenbaki polita da horrelako liga gogor batean 100 partida egitea”, dio entrenatzaile gazteak.  Zilarrezko LEB profesionaltasuna eskatzen duen maila da, baina beste lan baten konplementu gisa hartu behar dena. Proiektu honekin gogotsu ageri da Garitaonandia: “Bai zuzendaritza bai jendea oso pozik daude guk egindako lanarekin, oso pozgarria da horrela lan egitea, eta espero dugu denbora luzean jarraitzea horrela”.

101 partida hauetan, EBA mailatik Zilarrezko mailarainoko igoera eta aurreko urteko Urrezko LEB mailarako playoffak bizi izan ditu.  “Egia esan, gure lehenengo urtean mailaz igotzea eta Playoff horietan bizi genuen guztia oso polita izan zen. Ez ginen batere faborito, eta jendeak ez zuen sinesten igo gintekeela. Geure aukeretan sinesten genuen, eta lortu genuen igoera”, adierazi du.

Aurredenboraldia nahiko normala izan zen, jendea arin heldu baitzen. Aurten, Moussa Koneren lesio larriak jokalari aldaketa bat egitera behartu zuen Zornotza denboraldia hastera zihoanean, eta hau ordezkatzera etorritako Oscar Rayak  ez zuen espero zen maila eman. “Iparra galdu genuen, aspektu psikologikoan gehien bat, eta kosta egin zitzaigun ildo ona aurkitzea. Dinamikak aldatzea ez da batere erraza, kantxatik kanpo dauden arazo asko izan ditugu, lesioekin eta paperekin”, dio Zornotzako entrenatzaileak. Azkena erortzen, fitxatu berri duten Enosch Wollf pibot alemaniarra izan da: “Ez ditut lesioak aitzakiatzat jarri nahi, guk geure lanean jarraitu behar dugu”, dio  Garitaonandiak.

Kirolez kanpoko trabak

Aboubacarren paperak ez daude oraindik ondo, baina espero du hurrengo asterako konpondut egongo direlakoaren esperoan dago Zornotza. Bestalde, Etinosa Erevbenagieren kasuan Garitaonandiak argi uzten du, "Bilbao Basketen erabakia" izan dela jokalaria libre uztea. Azkenengo partidetan, jokoan  hobekuntza ikusi da, baina lesioekin jarraitzen du Ametx Zornotzak. “Asteburuan, Granadako partida zaila izango da,  baina, azken partidetan, borroka eta azken unerarte gogoz aritzeko gogoa duela erakutsi zuen taldeak”, dio entrenatzaileak.

Berdeek amaierara arte lehiatu nahi dutela adierazi digu Garitaonandiak: “Apurka-apurka jokalariak berreskuratzen joatea espero dugu, emaitza hobeak lortzeko horrela”. Kirolez kanpoko arazoak alde batera utzi, eta goiko postuei begira hasi nahi dute Zornotzan: “Badaukagu asmoa denboraldia ahalik eta gorenen bukatzeko, eta playoffetan ahalik eta lanik hoberena egiteko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!