Berlingo harresia desegin zutenetik, hori bezalako harresiak iraganeko kontua direla pentsa dezakegun arren, sekula baino murru gehiago daude munduan egun, eta errealitate hori da Walls filmaren oinarria. Harresi horien alde bietara bizi diren pertsonen istorioak ditu filmak ardatz: euren esperantza, beldur, pentsamendu eta emozioak daude Iraburu eta Molinaren filmeko kontakizunaren zentroan. Zornotzako emanaldiaren aurretik, berbaldia eskainiko du Iraburu zuzendariak.
Euskal Herriko zinegileen beste bi lanen erakusleiho ere izan da Zornotzako zinekluba, urtarrilean. Jai Alai Blues eta Pikadero eman dituzte, eta lan horien zuzendari eta aktoreak gonbidatu dituzte.
Otsailerako Risoterapia, eta martxorako Emakumea izenburuko zikloak prest dituzte: Hiruna film emango dituzte ziklo bakoitzean: Granma, Pride, Me and Earl and the dying girl, La adopción, Paulina, eta La Novia.