Amorebietaren garaipen erosoa eta Ajuriagoikoaren ligako debuta

Anboto 2016ko urt. 18a, 10:48

Argazkia: sdamorebieta.net/

Amorebietak 3-0 irabazi dio bolada onean zetorren Talaverari eta agerian utzi du gaur egun talde bien artean dagoen aldea. Txaber Ajuriagoikoak debuta egin zuen ligan lehen taldeagaz.

Amorebieta futbol taldea Bigarren B Mailatik igotzeko hautagaietakoa izan daiteke Talavera jaitsiera postuan dagoen bitartean. Sailkapenak talde bien artean erakusten duen aldea islatu zen zapatuan Urritxen eta garaipen erosoa lortu zuen Amorebietak. Carlos Docandoren gizonak partidua ahalik arinen bideratzeko helburuagaz zelairatu zen. Lehen minutuetan hainbat bider hurreratu ziren aurkariaren atera eta bila-bila zebiltzan gola 10. minutuan heldu zen: Joseba Arriagaren pasea eta Aitor Blancoren gola. Handik aurrera partiduak bide beretik jarraitu zuen eta atsedenaldira heldu aurretik Edu Ubis errioxarrak sartutako golak ia erabakita utzi zuen norgehiagoka.

Aldageletatik bueltan Talaverak partidua iraultzeko esperantzarik baldin bazuen Arriaga-Blanco konexioa kolpe definitiboa emateaz arduratu zen. Hirugarren golean lehen zatiko paperak errepikatu zituzten: Arriaga pasean eta Blanco errematean.

Partidua erabakita zegoen eta Carlos Docando entrenatzaileari abagune aproposa iruditu zitzaion harrobiari keinu egiteko: Txaber Ajuriagoikoa gazteak debuta egin zuen Bigarren B Mailan —aurretik Federazio Kopan jokatutakoa zen— zaleen txaloen artean. Itxaropen handiak dituzte jokalari honengan.

Amorebietak sendo darrai play off postuetan. Behinena mailari eusteko puntu nahikoa batzea dela diote klubetik, baina sailkapenak  beste helburu batzuekin amesteko adorea ematen du. Datorren asteburuan sailkapenaren erdian dagoen La Roda taldearen zelaia bisitatuko dute.

 

 Txaber Ajuriagoikoa gazte mailako jokalaria: (Argazkia:sdamorebieta.net)


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!