Bizkaiko hiru artista gazteren lana, Zelaietan

Anboto 2015ko aza. 16a, 17:00

Ana Riaño bilbotarraren margolan hau dago, besteak beste, erakusketan.

Abenduaren 4ra arte egongo da Bosteko erakusketa kolektiboa, Zelaieta zentroan ikusgai. Ana Riaño, Roberto Aguirrezabala eta Iker Serrano Bizkaiko artista gazteen lanak hautatu ditu Bizkaiko Aldundiak, aurten, erakusketa kolektibo honetan erakusteko.

Zuri-beltzeko margolanak dira Ana Riañorenak (Bilbo, 1985). Arte garaikidean puri-purian dauden gaiei buruz dihardu Riañok bere lanetan: egiletzari eta orijinaltasunari buruz, esaterako.

Kolore bizi-biziak darabiltza, aldiz, Iker Serranok (Iruñea, 1982). Zaindari bat baso honetarako izenburuko lana bildu du Bosteko erakusketa kolektiborako. Erakusketaren katalogoan esaten denez, "beste mundu batzuk irudikatzen ditu" Serranok bere koadroetan.

Argazkigintzako bere lana erakusten du, bestalde, Roberto Aguirrezabalak (Sestao, 1971) Bosteko bilduman. Entropía serieko hiru argazki ipini ditu erakusketan: XX. mendeko Europako iraultzak inspiratu dituzten oinarri filosofikoen inguruan gogoeta egiten du bere obragaz.

Zornotzan baino lehen, Bizkaiko beste hiru herritan egon da erakusketa ikusgai: Arrigorriagan, Basaurin eta Leioan, hain zuzen ere. Zornotzako erakusketa amaitu ostean, eta abenduaren 30era arte, Getxon egongo da Bosteko bilduma ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!