Ireki dute Ixer-eko aparkalekua 146 plazagaz

Anboto 2014ko urr. 9a, 14:55

Sistema informatiko batek kontrolatuko ditu sarrera-irteerak

Doakoa da eta txandakako sistemaren bidez funtzionatuko du. Gehienez hiru orduan aparkatu ahalko da aldiko.

Beharrezko berregituraketa lan denak amaituta, gaur ireki dute Zornotzan 3.700 metro karratu dituen Ixer-eko aparkaleku berria. Doakoa da eta 146 plaza ditu, horietako lau minusbaliatuentzat.

Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 22:00etara, eta zapatuetan, 07:00etatik 15:00etara, egongo da zabalik. Zapatuan 15:00 aurretik autoa erretiratu behar da, domekan aparkalekuan egiten den azokarako prestaketekin hasi daitezen. Era berean, astegunetan, 22:00etarako autoa atera ezik, ezingo da erretiratu hurrengo egunera arte. Ordutegiak errespetatu ezik 200 eurora arteko multak jarriko dituzte. Behar izanez gero sarreran arduradunekin hartuemanetan jartzeko gailu bat dago.

Aparkalekuak txandakatze sistema erabiliko du; hau da, gehienez hiru orduz aparkatu ahalko da. Ondoren, ezingo da berriro aparkaleku horretan aparkatu harik eta ordu bi igaro arte: “Txandatze sistemak dinamismoa eskaintzen du, hori da aparkaleku berriaren izpiritua. Komertzioei lagunduko dien sistema da. Gune pribilegiatuan dago, herrigunearen erdian”, adierazi du David Latxaga alkateak.

Autoen joan-etorri denak sistema informatiko batek kontrolatuko ditu. Sarreran zein irteeran autoak geratzeko tokia marra gorriz markatu dute; han geratu eta kamara batek autoaren matrikula jasoko du eta denbora zenbatzen hasiko da automatikoki. Auto gidariek ez dute ohiko txartelik hartu behar.

Hidrokarburoa bereizteko sistema

Orain aparkalekua dagoen orubea sasoi batean biltegi industriala izan zen eta horregatik hainbat obra burutu behar izan dituzte: zoru dena asfaltatu dute, aparkatzeko plazetako marra zuriak pintatu dituzte, argiteri osoa berria da eta euri-urak batzeko azpiegiturak egin dituzte. Horregaz batera, aparkalekuaren kanpoaldeko alde batean hidrokarburoak bereizteko makina bat egokitu dute lurpean. Aparkalekuan batutako euri-ur denak handik igaroko dira errekara joan aurretik, edo edozein hidrokarburo arrasto garbituko du.

Nafarroa Zentroko aparkalekua laster zabalik

Hurrengo asteetan jarriko da martxan Nafarroa Zentroko aparkaleku berria. 07:00etatik 22:00etara bitartean egongo da zabalik, astelehenetik igandera, eta aparkatzeko 25 leku izango ditu. Segurtasun neurri moduan kokagune honetan ezingo da 22:00etatik aurrera autorik utzi.

Hirigunearen erdi-erdian 213 aparkaleku berri sortuko dira guztira, udalerriko komertzioetan kontsumoa sustatzeko helburuz. Betarraganen ere beste aparkaleku bat zabalduko da datorren urtearen hasierarako. Doako izango da eta 42 plaza izango ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!