Zelan bizi izan zenuen Urritxeko futbol zelaian jasotako omenaldia?
Oso polita izan zen. Apur bat arraroa ere bai, zeren uste dut nik ez dudala ezer berezirik egin horrelako zerbait merezi izateko. Baina polita izan zen, eta kontuan hartzekoa da nitaz oroitzea.
Baina, omenaldia ikusita, badirudi lagun onak utzi dituzula behintzat...
Bai. Oso gustura egon naiz azken urte bi hauetan. Egia esan, bertan jarraitzeko asmoa neukan. Lagun onak egin ditut, jokalarien zein klubekoen artean. Pena izan da, baina hartu-eman horiek ez dira apurtuko.
Zelan gogoratzen duzu futbola uzteko erabakia hartu zenuen unea?
Ez zen erraza izan. Baina, azken batean, bizitzan ez dago ezer idatzita. Jarraitzeko asmoa eduki arren, hauxe tokatu zitzaidan. Horrelakoetan, irtenbide bi dauzkazu: bata hondoa jotzea, eta bestea aurrera begiratzea. Futbola izan da nire bizitza beti, jaio nintzenetik, eta asko kosta zitzaidan uztea. Baina egin behar zen gauza bat zen.
Hilabete batzuk pasa ostean, gauzak era lasaiagoan ikusiko dituzu, ezta?
Beno, nik lehenengo momentutik eduki dut jarrera naturala. Ez diot galdetzen nire buruari bestelakoan ea zer pasatuko litzatekeen; horrela izan da eta kito. Lana bilatzen hasi nintzen, eta dagoeneko beharrean nago. Bestalde, sekulako zortea eduki dudala ere ikusten dut. Izan ere, niri gertatu zaidana beste batzuei ere gertatu zaie, eta ez daude gure artean. Bizitza nahiko normala egiteko aukera daukat, eta horri begiratu behar diot. Futbola oso garrantzitsua izan da nire bizitzan, baina ez gauza bakarra. Beti pentsatu izan dut futbolaren ostean beste bizitza bat etorriko zela, eta horixe bizitzea tokatu zait.
Eta orain, zelan zaude osasun aldetik? Zer esan dizute medikuek?
Ondo nago. Medikuek emandako tratamendu bat hartzen nabil, eta, lantzean behin, Donostiara joaten naiz, kontrolak-eta pasatzera. Duela astebete, korrika apur bat egiten hasi ahal nintzela esan zidaten, pixkat bat kontrolatuta.
Beraz, kirola ez duzu guztiz alboratuko...
Kirola bizitza modu bat da. Futbola ezin izango dut orain arte bezala bizi, baina lagun artean ibiliko naiz, harra kendu eta ondo pasatzeko. Horretarako gogoa daukat, baina zoratu barik, beti ere.
Bazabiltza Amorebietaren aurtengo denboraldia jarraitzen?
Asko ez. Presidenteari ere esan nion, oraindik apur bat kosta egiten zaidala partiduak ikustea. Bertan egon nintzen jokatzen, eta gura barik gertatutakoa burura etortzen zait. Hala eta guztiz ere, apur bat jarraitzen dut, eta ondo dabiltzala esango nuke. Talde sendoa egin dutela uste dut, eta partiduak irabazten dabiltza, gol gutxi sartuta izan arren.
Zurea lako egoera bat bizitzeak hausnartzera eramango zaitu, ezta? Zer sentitzen duzu barrenean?
Gertatu zaidanak eraginda, nire moduan futbola utzi behar izan duten lagunekin asko akordatu naiz. Beste lesio batzuengatik utzi behar izan dute, eta, nire ustez, eurek ere omenaldi bat merezi dute. Nirea ere beste edozein lesio lez hartzea nahiko nuke. Omenaldia niretzat izan da, baina nire partez, futbola laga behar izan duten guztientzat ere bai.