Aitor Candelas, modeloa: "Inoiz esan didate ederra naizela, baina, ez pentsa, larregirik ere ez!"

Anboto 2015ko aza. 8a, 10:00

Elite Model Look nazioarteko modeloen lehiaketa ospetsuan finalista geratu da Aitor Candelas. Bost urterako kontratua ere sinatu berri du Bartzelonan lan egiteko. Hala ere,  arotzeria ikasketak amaitu gura ditu aurretik.

Elite Model Look lehiaketan finalista izan zara. Zer suposatzen du honek zuretzat?
Hasiera bat da. Txikitatik gustatu zait horrelako gauzak egitea. Bilbon casting-a egin nuenean, pentsatu ere ez nuen egin finalean egongo nintzela. Datorren astean bertan joan behar dut Bartzelonara. Lehenengo hartu-emon bat izango da hori.

Zeintzuk dira zure nahiak mundu honetan?
Ez dut egingo gura ez dudan gauzarik. Hitz egitea da kontua. Ibiltokian jardun gura nuke, argazkiak... hala ere, ia ze argaki.

Txikitatik izan duzu gustuko modaren mundua, baina, kasualitatez sartu zara...
Anaiaren lagun bati desfile batera lagundu nion, Donostiara.  Laguntzera nindoan, desfilatzeko asmorik gabe, baina, lagunak izena ematean, nire izena ere eman zuen.  Ez nuen gura, baina, bertan nengoenez, eta inork ezagutzen ez ninduenez, ba, desfilatu egin nuen.

Elite Model Look lehiaketaren bidez, ate nagusitik sartu zara.
Bai, eta ez nuen inondik inora espero. Han zeuden guztiek agentzia bat zuten, eta nik ez. Horrek atentzioa deitu dit.

Zeintzuk dituzu erreferente modaren mundu honetan?
Bakarra daukat: Jon Kortajarena. Gaur egun, gorenen dagoenetariko bat da.

Hark lortu duena lortu gura zenuke?
Bai, baina, oinak lurrean ditudala. Horretara heltzeko, bide luzea dago egiteko-eta! Apurka-apurka.

Zerk deitu die atentzioa?
Kamerari begiratzeko modua, esan didatenez. Begiek beharbada.

Baduzu oker fisikorik? Aldatuko zenuke ezer? Ebakuntzarik egingo zenuke?
Ez. Ebakuntzarik egingo nukeen? Ez nuke egingo, ez. Naizen modukoa naiz, eta gustatuz gero ondo, eta bestela ere bai.

Inoiz jaso duzu ezezkorik?
Ez (barrez).

Zer esan dizute ingurukoek? familiak, lagunek...
Familiak beti izan du beldur apur bat. Kanpotik oso polita ematen du denak, eta gero, barrutik, ez da horrela izaten. Gogorra da. Oraindik ez dakit, baina, hobetzen joanez gero, denbora asko egin beharko dut etxetik kanpo, hilabeteak... eta ez dakit zerekin egingo dudan topo. Jende ona eta txarra egongo da, baina, leku guztietan legez. Lagun taldea eta neskalaguna pozik daude! beno, neska-lagunari kontu hau ez zaio asko gustatzen baina, tira. Lagunek adarra jotzen didate, baina, ohitu egin naiz.

Esan dizute inoiz ederra zarela? Badakizu piropoak hartzen?
Inoiz esan didate ederra naizela, bai, baina, ez pentsa, larregirik ez!

Garrantzitsua iruditzen zaizu irudia?
Modaren munduan, bai. Apur bat zaintzen naiz, kremaren bat ematen dut, baina, askorik ez. Sare sozialek dute garrantzi handia.

Bazenekien modeloena dela emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago kobratzen duten lanbide bakarra?
Bai! Neskek mutilek baino hiru edo bost bider gehiago kobratzen dute, Jon Kortajarena izango da salbuespen bakarrenetakoa horretan. Baliteke neskek irudia saltzea gehiago, baina, esango nuke, hori erregulatzen joango dela apurka-apurka. Ez dakit! Dena dela, modeloaren karrera, asko jota, hamar-hamabi urtekoa izaten da, eta topera aprobetxatu behar dira urte horiek.

Orain arotzeria ikasketak zabiltza egiten...
Bai. Urtarrilean amaituko ditut, eta gero, praktikak egingo ditut. Hori amaitu nahi dut.  Modelo kontu honetan hasi berri naiz, gainera.

Ingelesa duzu gainditu gabeko irakasgai...
Hala da, bai! Ingelesaren arazoa konpontzeko dut oraindik, baina, horretan nabil! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!