Miren Larrea: "Urtebete baino gehiago daramagu lanean; egindakoa erakusteko gogoa daukagu"

Anboto 2015ko aza. 6a, 12:22

Zornotza Aretoan estreinatuko dute, bihar, Miren Larrea zornotzarraren eta Valentina Raposo txiletarraren Anita Maravillas taldearen ikuskizun berria. Pintto Pintto da antzezlanaren izenburua, eta Portal 71 taldeagaz elkarlanean ekoitzi dute. Zapatuan, 18:00etan izango da emanaldia.

Galduta dagoen Pintto izeneko txakurkumearen istorioa da, ume zein helduentzako prestatu dutena. Anita Maravillas konpainiak ohi duen eran, tailerrean hasitako lana da Pintto Pintto. Pertsonaiaren txotxongiloaren diseinuagaz abiatutakoa. Oso pozik daude egileak emaitzagaz: “Panpin bat izanda, bizitasun handiagaz eta modu naturalean mugitzen da Pintto, eta oso erakargarria da: ume guztiek gura dute ikutu, denek egiten diote berba”, dio Larreak.

Estreinaldiari begira, “urduritasun puntu bategaz, baina pozik eta gogotsu” daude, Miren Larrearen berbetan: “Urtebete baino gehiago daramagu lanari bueltak ematen, eta egindakoa erakusteko gogoa daukagu”.
Pintto Pintto sortu duen lantaldeagaz oso eskertuta agertu da, estreinaldiaren atarian, Miren Larrea. “Oso pozik gaude, lantalde oso kreatiboa bildu dugulako proiektura, eta oso ondo ulertu dugulako elkar”, azpimarratu du antzerkigile zornotzarrak. Ivan Alonsok eta Jabi Renobalesek zuzendu dute lana, eta Fran Lasuenen musika, Iñaki Ziarrustaren eszenografia, eta Ion Chavezen argiztapena dauzka.

Lehenago ere, Zornotza Aretoan egin izan ditu Anita Maravillas konpainiak bere lanen estreinaldiak. Oraingoan ere “Zornotza Aretoaren baliabideak eskura izatea gozamena eta aukera paregabea izan da, lana prestatzeko. Babes hori barik, ezinezkoa litzateke lana gauzatzea”, Larrearen berbetan.

Bartzelonan sortu zuten Anita Maravillas konpainia, duela 9 urte: Bartzelonako Raval auzoko txotxongilo tailer batean ezagutu zuten elkar Miren Larreak eta Valentina Raposok; elkarregaz lanean jarraitu dute, ordutik. Zornotzan, orain.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!