Astelehenean hasiko da eskola materiala erosteko diru-laguntzak eskatzeko epea

Anboto 2015ko urr. 30a, 13:33

Familiaren errentak 35.000 euro gordin gainditzen ez dituztenek eskuratu ahal izango dituzte.

Zornotzako Udalak eskolako materiala eskuratzeko herrikoentzat diru-laguntzak ematea onartu zuen aurreko osoko bilkuran. Orain, datorren astelehenetik aurrera, ordenantza indarrean sartu ondoren, eskaerak aurkeztu ahal izango dira. Oinarriak, betebeharrak eta  epeak astelehenetik aurrera argitaratuko dira Udaleko webgunean.

Hezkuntzan aukera berdintasun printzipioa gauzatzea dute helburu laguntza horiek. Bide horretan haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleei eskolarako beharrezko materiala eskuratzea errazteko neurriak martxan jarriko dituzte.

Horrela, diru-laguntza hori eskuratu ahal izango dute familiaren errentak 35.000 euro gordin gainditzen ez dituztenek.  Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, 20 eta 80 euro artekoa izango da, familia unitate bakoitzaren errentaren arabera.  

Diruz lagundu daitekeen gastuaren xedea Zornotzako udalerriko establezimenduetan eskolako materiala eskuratzea estaltzea da.  Materialaren barruan sartzen dira papertegiko artikuluak, uniformeak, betaurrekoak eta arropa, baita eskulanetarako materialak ere beste batzuren artean.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!