Eskolako materiala erosteko diru-laguntzak emango dituzte Zornotzan

Anboto 2015ko ira. 14a, 14:05

HiriEkimeneko Alba Gutierrez eta Abel Isasi gaurko udalbatzarrean.

Gehienez 35.000 eurotako diru sarrerak dituzten familiek eskatu ahalko dute. Datozen asteetan zehaztuko dituzte epeak eta oinarriak. HiriEkimena abstenitu egin da ez dagoelako ados banaketa sistemagaz.

Hezkuntzan “berdintasun printzipioa” bermatu gura dute neurri horrekin eta haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleei eta euren familiei eragiten die. Urtean 35.000 euro gordin gainditzen ez dituzten familiek eskatu ahalko dituzte. Zenbatekoari dagokionez, laguntzak 20 eta 80 euro artekoak izango dira, familia unitate bakoitzaren errentaren arabera.

Udaletik jasotako laguntza herriko dendetan gastatu beharko da. Materialen barruan sartzen dira, besteak beste, papertegiko artikuluak, uniformeak, betaurrekoak, arropa eta eskulanetarako materiala.

Diru-laguntzak jasotzeko eskariak egiteko epealdia eta oinarriak datozen asteetan jakinaraziko dituzte, ordenantza indarrean sartzen denean.

HiriEkimena abstenitu egin da banaketa sistemagatik

Gaurko udalbatzarrean EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu dute diru-laguntzak jasotzen dituen ordenantza. HiriEkimena abstenitu egin da. Laguntzak ematearekin ados daude, baina ez banaketa sistemarekin. Abel Isasi zinegotziak azaldu ditu arrazoiak. Alde batetik, ikastetxe publikoak eta pribatuak bereizi ditu: “Seme-alabak ikastetxe pribatu batean matrikulatu dituen  familia batek eta seme-alabak eskola publikora bidali dituen familia batek ezin dituzte diru laguntza berdinak izan, aurreneko horiek hezkuntzagatik ordaintzea erabaki dutelako”. Horrekin batera, “kide guztiak langabezian dituen familia batek ezin ditu urtero 20.000 euroko sarrerak dituen familia baten laguntza berdinak izan”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!