‘Afectados por la hipoteca’ plataformak deituta kontzentrazioa egin dute gaur 10:00etan Ogenbarrena kaleko 4. zenbakian kokatutako etxebizitzaren parean etxe kaleratzea eragozteko helburuagaz. Lortu dute eta etxe kaleratzea ez da gauzatu. HiriEkimeneko Alba Gutierrez zinegotziak azaldu duenez, “Alokabidek kudeatzen duen etxebizitza sozial batean eman behar zen eta Alokabide Eusko Jaurlaritzaren erakunde publiko bat da”. Gutierrezen ustez, “ez buru eta ez hanka” duen kontua da: “Ezin dugu ulertu Alokabidek kudeatutako bizileku sozial batean zelan eman den eskaera hori. Kasu larria dela uste dugu”.
Udalak ez du etxebizitza horregaz loturarik, ez da udalarena. Hala ere, goizean udaletxean izan duten Bozeramaile Batzordea amaitu bezain laster Gutierrez bera eta EH Bilduko Urko Lopez etxe kaleratzea deituta zegoen eraikinera joan dira. Han zeuden udaltzaingoa, ertzaintza eta Bake Epaitegiko hiru ordezkari. Azken horiek kaleratze agindua zekarten. Zinegotziek kaleratua izan behar zen gizonaren testuingurua kontatu dute eta, azkenean, etxe kaleratzea bertan behera geratu zedin lortu dute.
Kaleratzea gauzatu behar zen etxe horretan gizonezko bat bizi da. Bikotekiagaz zebilenean sinatu zuen alokairu kontratua. Ondoren, bikotekideagaz zuen erlazioa amaitu zenean, “Alokabidera deitu zuen kontratua bere egoera berrira egokitzeko eskatuz, baina kontratua amaitu arte ezin zela horrelakorik egin erantzun zioten”, Gutierrezen esanetan. Gainera, langabezian geratu zen. 426 euroko laguntzagaz, hilean 500 euroko alokairuari aurre egin behar zion. Ondorioz, ordaintzeari utzi zion. Orain lau-bost hilabete lana aurkitu zuen eta Alokabideri jakinarazi zion berriro ordaintzeko kapaz zela. Egoera zelan kudeatu zitekeen galdetu zuen: “Dagoeneko berandu zela erantzun zioten eta ordaindu ez dituen hileengatik da kaleratze eskaera”. Azken lau hilabeteetan alokairua ordaindu du.
Ogenbarrena kalean 60 bat etxebitza sozial daude, sei portaletan banatuta. Alokabidek gestora baten esku utzita dauka horien kudeaketa, baina “erantzukizuna daukan azken instantzia Alokabide eta Eusko Jaurlaritza dira”, Guiterrezek salatu duenez.
Udaleko Gizarte Zerbitzu sailak gaia aztertuko du
Gaur goizean Bozeramaileen Batzordearen ohiko batzarra deituta zegoen udaletxean. HiriEkimenak hara eraman du gaia, galdera eta eskaeren atalean jorratzeko. Gizarte Zerbitzuetako zein Udaltzaingoko zuzendariak batzarrera deitu dituzte argibideak emateko. Kaleratze arriskuan dagoen gizona Gizarte Zerbitzuetara bideratzea erabaki dute, kasua aztertu eta irtenbide bat bilatzen saiatu daitezen. Horregaz batera, Hirigintza Batzordean Alokabidek kudeaketaren gaineko batzar monografiko bat egitea erabaki dute.
Alba Gutierrezek gogor salatzen du Alokabideren kudeaketa: “Kudeaketa negargarria izaten ari dela uste dugu. Ez ditu kontratuak betetzen eta alokairu prezioak oso altuak dira, ia etxebizitza libre baten parekoak. Gainera ez dute negoziatzeko borondaterik erakutsi”, kexatu da.
Urko Lopez (EH BIldu): "Edozein kaleratze larria da"
Urko Lopez zinegotziak bertatik bertara jarraitu du gaur goizeko jazoera. Alokabidetik ere "nahi dugunean eurekin hitz egiteko aukera dugula jakinarazi digute, euren iritzia ere jakin dezagun". "Gure aldetik ahalik informazio gehien eskuratzen saiatuko gara hain gai delikatua ahalik ondoen kudeatzeko".
Lopezen ustez, sektore publikotik zein pribatutik etorri, "edozein etxe kaleratze larria da, pertsona bat bazterketa sozialean geratzeko arriskuan geratzen dagoelako". Lopezen ustez, "etxe kaleratzea bera da sahiestu behar dena, batetik zein bestetik etorri kaltetuek arazo berdina dutelako: etxerik gabe geratzen dira".
Edozelan ere, Alokabideren etxe kaleratze eskaerari ere "bere larritasuna" ikusten dio, horrelako gai bat "beste modu batera kudeatzeko aukera" izan beharko lukeelako.