Jose Miguel Arana: "Oraintxe igotzen da zaletasuna, onddoen agerraldiagaz"

Anboto 2015ko urr. 25a, 10:00

Perretxiko eta onddoak ezagutu eta dastatzeko aukera eskainiko dute Zornotzan, gaur, domekan. Perretxiko eta argazki erakusketa ez eze, perretxikoen pintxo dastaketa ere izango dute 25. Mikologia Jardunaldien barruan. Zaletasun horri buruz berbetan izan gara Jose Miguel Arana Zornotzako Mikologia Elkarteko presidenteagaz.



Nola doa perretxiko denboraldia?
Aurten elegante! Eguraldia ere halakoa iragarri dute: jaka gutxi eta aterki asko. Beraz, elegante, udazkena luzea izango da, gainera.

Noiz hasten da?
Eguraldiaren araberakoa da. Egunaren argi orduak, hezetasuna eta tenperatura dira aintzat hartzekoak.

Onddoak aurkitu ahal izateko, bat egin behar dute...
Onddoak batzeko, hamar graduren bueltan ibili behar dugu, eta, hemen tenperatuta hori ez badugu, alturara jo beharko, hori lortu arte.

Hego-haizeak eta ilargiak ere badute eraginik, ezta?
Ilbeheran eta ilgoran berdin berdin hartu ditut nik “broteak”; hezetasuna eta tenperatura dira garrantzitsuak. Hego-haizea, berriz, ez da seinale ona, sikatu egiten du eta. Onena, Galiziatik datorren haizea, harek hezetasuna dakar.

Hemen inguruan ibiltzen zara zu onddoak batzen?
Pisua daukat Espinosan (Burgos) eta han ibiltzen naiz gehiago. Astebururo joaten naiz, besterik ezean bakarrik! 17 urteko alabak ez dauka zaletasunik eta emaztea geratzen da, batzuetan.

Perretxikozale gehienek dute euron txokoa...
Bai,  neure mendia daukat.

Isilean gordetzen duzun horietakoa zara?
Ez. Aurreko astean joan ginen pare bat lagunarte. Perretxiko edo zizak batzera doazenek gordetzen dute isilean, gehiago. Hara bertara zoaz, eta sekretuagoak dira toki horiek.

Onddoak ala perretxikoak, zeintzuk dituzu gurago?
Gurago ditut onddoak. Perretxikoak udaberrikoak dira, batez ere, eta, udazkenean, denetarik urteten du. Aurten, Belatxikieta partean, onddo piloa batu da. Askotariko perretxikoak daude, eta urte osoan egon daitezke. Onddoak, baina, udaberri eta udazkenean: egunaren argi orduek, hezetasunak eta tenperaturak dute eragina.

Onddoa preziatuagoa da?
Otzarak beteta hartzen dira; perretxikoak ez hainbeste...

Asko daudelako?
Bai, eta itxura hobea dutelako. Jendeak gustukoago ditu. Jateko ere bai; era askotara prestatu daitezke.

Batzera joatea bezain gustuko duzu jatea?
Nik neuk, ez dut batzen dudan beste jaten. Etxerako gordetzen ditut batzuk, eta, beste asko eta asko, auzoan eta familian banatzen ditut.

Itxuraz deigarrienak eta politenak dira kaltegarrienak? Zeregaz ibili behar da kontuz?
Toxikorik topatzeko moduan, asko ez dago; zaila da, baina beti agertzen dira. Jakin egin behar da, ezagutu. Batutako perretxikoak ezagutzen ez dituenak, badu aukera guri galdetzeko. Astelehenetan batzen gara.

Zornotzako mikologia elkarteak 25 urte bete ditu. Zaletasuna gehitu da?
Oraintxe igotzen da zaletasuna, onddoen agerraldiagaz. Urtean zehar ez dago horrelakorik.

Domekan, perretxiko eta argazki erakusketa izango dira.
Hala da, bai. Gainera, perretxikoen artean, antzerako izenak ipinita, mendian topatutako zaborrak jartzen ditugu: latak, botilak, kartutxoak, plastikoak... protesta moduan egingo dugu.

Sorian perretxiko eta onddo denak hartu dituzte...
Mafiak sortu dira. Baina, nork du errua? Mafiek ala erosten dutenek? Zelan kontrolatu hori? Gaur 800 kilo atzeman, eta, bihar, berriro lanean daude.

Zer esango zenioke, asteburuan perretxiko bila doanari?
Ez ditzala ez txikiak ezta zaharrenak ere hartu. Otzara eta labana garbituta, basokoa dena basoan uzteko. Ez dadila igarri  berton izan garela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!